Fernando Salegik (Elgoibar, 1962) ia bizitza osoa eman du harakin lanean. Eskumuturreko lesio bat medio, Zumarragako harategia saldu eta erretiroa hartu du.
Ze ikasketa egin zenituen?
9 urte nituenean, Elgoibarko San Migel auzotik Urretxura etorri ginen. Gurasoek Isabel taberna hartu zuten. Eskola nazionaletan egin nituen oinarrizko ikasketak eta ondoren Legazpin kontabilitatea ikasi nuen. Tabernan lana zegoen eta hor hasi nintzen lanean.
Isabel taberna sona handiko taberna izan zen.
Golden dantzalekua ondoan zuen eta lan asko genuen. Goizetan tabernan lan egiten nuen eta arratsaldetan Legazpiko akademiara joaten nintzen. Baina anai zaharrenak Arrasaten harategi bat hartu zuen soldadutzatik itzuli zenean eta berarekin lan egitea eskaini zidan. Hiru urte egin nituen berarekin. Anaiarekin ikasi nuen ofizioa. Handik Azkoitiko plazara joan nintzen, Joxe Mujikaren harategira. Ondoren, bi urte eman nituen Eroskiren harategietan: Zumaian, Hondarribian, Lesakan… 22 urterekin Urretxura itzuli nintzen, Pagoetako Eroslera. Beasaingo Eroslen beste urtebete eman nuen. Eroskirekin harreman ona nuenez, Urretxun Erosle bat ireki nuen, baina nire azken helburua nire harategia irekitzea zen.
Noiz lortu zenuen zure harategia irekitzea?
Goenaga promotorearekin hitz egin nuen eta akordio batera iritsi ginen. Eroslea eskualdatu eta Zumarragako Secundino Esnaola kalera joan nintzen. 30 urte egin ditut bertan. Oso ondo eta gustura. Baina eskumuturra gaizki dut eta utzi beharra nuen. Harategia saltzeko aukera suertatu da, ezgaitasuna eman didate eta utzi egin dut. Ofizio horretan ezin nuen jarraitu. Eskumuturrak erretiratu nau. Pena pixka bat badut, harakin lana gustatu egiten baitzait eta harategia nire gaztelu txikia baitzen. Aldameneko tabernako Amanciori saldu diot harategia. Hasierako ideia nik erretiroa hartu eta emazteak apur bat jarraitzea zen, baina saltzeko aukera suertatu denez…
44 urte eman dituzu harakin lanean. Harakin ofizioa asko aldatu al da azken mende erdi honetan?
Asko. Lehen askoz ere haragi gehiago kontsumitzen zen. Azkoitian astero sei txahal saltzen genituen. Goizetan sekulako giroa egoten zen harategietan. Harakinok gure negozioa egungo nahietara egokitu behar izan dugu. Nik harategiaren azpian sukalde bat nuen eta bertan janaria prestatzen genuen ondoren harategian saltzeko. Egun, sukalderik ez duen harakinak, ez du erraza aurrera egiteko. Herri guztietan harategiak ixten ari dira. Gelditzen direnek, kozinatutako janaria saldu beharra dute.
Makina bat sari irabazi dituzu.
Garai batean Zumarragako buzkantza lehiaketan ere parte hartzen nuen, baina txorizoarekin eta txistorrarekin lortu ditut sari gehien. Bilbon hiru sari irabazi nituen. Euskadiko txistorra txapelketa ere irabazi nuen eta santomasetan hainbat sari lortu nituen. Urteekin txispa galdu nuen. Nire burua estutzen nuen eta utzi egin nuen. Bestalde, emaztea askotan saritu dute erakusleiho lehiaketan.
Bezeroentzako mezuren bat ba al duzu?
Denei eskerrak eman nahi dizkiet, barru-barrutik. Bajan nengoenean eman zidaten ezgaitasuna eta ez dut bezeroak agurtzeko aukerarik izan. Kalean ari naiz agurtzen.
Zer egin behar duzu aurrerantzean?
Belaunak apur bat ukituta ditut, urte asko eman baititut zutik lan egiten eta maratoiak eta mendi maratoiak egin baititut. Hemendik aurrera lasaiago ibiliko naiz. Goizean kirol apur bat egin, arratsaldean nire bordatxora joan, Zarautzera ere joaten gara, biloba ere badugu… Gustura nago.
Dagoeneko ez al duzu korrika egiten?
Belaunak uzten badit, korrika pixka bat egiteko asmoa ere badut. Maratoiak-eta ez, noski. Niretzat, korrika egitea jatea bezain garrantzitsua da.
Nolatan hasi zinen korrika egiten?
42-43 urterekin egun baino 28 kilo gehiago nituen eta kezkatu egin nintzen. Nire koinatuek lasterketetan parte hartzen zuten eta jaunartze batean, Lekeition, nik ere Behobia-Donostia lasterketa egingo nuela esan nien. Zapatilak erosi eta bidegorrian korrika egiten hasi nintzen. Hasieran asko kostatu zitzaidan, baina pixkanaka gustatu egin zitzaidan. Dagoeneko, bederatzi aldiz egin dut Behobia-Donostia proba. Iaz egin nuen azkeneko aldiz, semearekin. Kapritxo hori nuen. Zortzi maratoi ere egin ditut: bi Sevillan eta sei Donostian. Mendi lasterketei dagokienez, Zegama-Aizkorri maratoia bi aldiz egin dut. Azkenekoz, duela lauzpabost urte.
Aurtengo Zegama-Aizkorri igande honetan da. Joan behar al zara ikustera?
Bai. Zegama-Aizkorri sekulako lasterketa da. Seme-alaben jaiotza oso garrantzitsua izan zen, harategia ere bai… eta hurrengoa Zegama-Aizkorri egitea.
Zure aita, Joxe Salegi ‘Belarreta’ idizale sonatua izan zen. Zu ez al zara idizalea?
Aita zenarekin asko ibili nintzen. Asko gustatzen zitzaidan. baina idiak eta harakin ofizioa ez dira bateragarriak. Aita profesionala zen eta oso idi onak izan zituen. Nik ere idiak izan nituen, baina beti norbait bidali behar nuen nire idiekin idi probetara. Adina eta eskumuturreko arazoa medio, idiak kendu nituen. Egoitz iloba ibiltzen da. Gauzak asko aldatu dira. Lehen baserrietan idiak egoten ziren. Egun baserrietan ez dago idirik. Norberak erosi eta prestatu behar ditu, idi onak garestiak dira… Herri mailan ibiltzeko ez dira horren idi onak behar eta ez dut esango idirik gehiago izango ez dudanik.
Nola gogoratzen duzu Isabel taberna?
Hemengo enpresen urrezko garaia zen eta aitak 06:00etan zabaltzen zuen taberna. Leporaino betetzen zen. Ez sinisteko urteak izan genituen: astegunetan lantegien eskutik eta asteburuetan Goldenen eskutik. Lan asko genuen.
Tabernan denetik ikusiko zenuen.
Oso giro euskalduna zegoen. Pelikula bat ere grabatu zuten bertan (Hamaseigarrenean, aidanez). Izan ere, nire arreba Fina zine munduan ibili zen. Behin, auto bat leihotik jangelaraino sartu zela gogoratzen dut.
Nerea Ibartzabal bertsolaria, Finaren alaba, zure iloba da.
Gertutik jarraitzen dut, noski. Zarautzen udan ikusi izan dut, baina arrazoi ezberdinak medio, ez dut finaletara joateko aukerarik izan. Nerea artista da! Bere eskutik bertso mundua gehiago jarraitzen dut. Ea Txapelketa Nagusiko saioetara joaterik dudan.