Marijo Tapiak eta Jesus Iriberrik 37 urte eman dituzte Zumarragako geltokiko kantinan. Asteartean utziko dute. Gaur, Javicar lagunak omenaldi kontzertua egingo du.
Geltokietako tabernak toki bereziak dira, bezero bereziak baitituzte: bidaiariak, trenbide munduko langileak… Jesus Iriberri eta Marijo Tapia hamaika gertakariren lekuko izan dira, 37 urte eman baitituzte lanean Zumarragako geltokiko tabernan. Asteartean utziko dute. Gaur, 20:00etatik 22:00etara, Javicar lagunak omenaldi kontzertua egingo du tabernan bertan. Asteartean Ana Pintok hartuko du tabernaren ardura. Pinto bertako langilea izan da orain arte.
Iriberri Zumarragan jaio zen eta Tapia Salamancan. Donostian ezagutu zuten elkar. Iriberriri ez zitzaion eskola gustatzen (gustuko ez zituen ikasgaiek gogaitu egiten zuten) eta 17 urterekin Donostiako Dover kafetegi ospetsuan hasi zen lanean. Bere aitaren lagun baten bitartez (Txiki tabernako Kruzito) lortu zuen lana. Tapia 16 urterekin joan zen Salamancatik Donostiara, etorkizun hobe baten bila.
Dover kafetegian Iriberrik ofizioa ikasteko aukera eduki zuen, baina ez zegoen eroso. «Estututa sentitzen nintzen», gogoratzen du. Hala, Dover utzi eta Donostiako geltokiko kafetegira joan zen. «Gehiago kobratzen nuen eta, gainera, gusturago nengoen».
Handik urte batzuetara, Zumarragako geltokiko taberna hartzea proposatu zioten. Bere bikotearekin eta Txema anaiarekin batera lehiaketara aurkeztu ziren eta irabazi egin zuten. Handik urte batzuetara, bere anaiak geltokiko taberna utzi eta Eire taberna ireki zuen Urretxun.
Iriberrik bizitza osoa eman du ostalaritzan. Beste lanbiderik ez du ezagutzen. «Aitak ijezketan lan egiten zuen, Orbegozo enpresan. Oso lan gogorra zen eta berak ez zuen nik horretan lan egitea nahi. Hori dela eta, ikasteko esaten zidan. Baina nik gustuko ikasgaiekin bakarrik gozatzen nuen, gainontzekoekin gogaitu egiten nintzen eta ez nuen emaitza onik lortzen. Lan egin nahi nuen eta ostalaritzan bakarrik zegoen lana».
Sekula ez da langabezian egon. Urte gehienak geltokietako tabernetan eman ditu, lehenengo Donostian eta azken 37 urteak Zumarragan. «Geltokietako kantinak toki bereziak dira: bezero gehienak pasadizoan daude, arloteak egoten dira…», aipatu du Iriberrik. «Trena galdu duen jendea, matxura izan eta trena hartu beharra duen kamioilaria…», gehitu du Tapiak.
Hori guztia gutxi balitz, Zumarragako geltokiko taberna gaupasa egin nahi zutenen aterpe izan zen urte luzetan. «Hemen lan egin genuen lehen urteetan, Golden, Tiffany’s eta Zodiac zabalik zeuden oraindik. Goizetan, gu ginen irekitzen lehenengoak. Hori dela eta, gaupasa egiten ari ziren guztiak hona etortzen ziren gainontzeko taberna eta dantzaleku guztiak ixten zituztenean. Parrandarako musika jartzen genien, pintxoak eskaintzen genizkien… Oso giro ona egoten zen. Baina gazteak pilulak hartzen hasi zirenean, giroa gaiztotu egin zen eta asteburu goizetan beranduago irekitzea erabaki genuen».
Lapurreta saiakera
Tabernan ordu asko eman dituzte. Bertan lo egitera iritsi dira! «Taberna hartu genuenean, Ertzaintzaren komisaria ireki gabe zegoen oraindik. Pertsianak jarri gabe genituen orandik eta herritar batek gure tabernan lapurtzeko asmoa zuela jakin genuen. Telebista eta musika aparailua salduta zituen dagoeneko! Heroinaren garaia zen. Tabernan lo egitea erabaki genuen, txandaka. Gau batean norbait tabernan sartu nahian zebilela nabaritu genuen eta Jesus sukaldeko laban batekin atera zen», oroitu du Tapiak. «Ez dut inoiz inor hain azkar korrika egiten ikusi!», gehitu du Iribarrenek.
Oroitzapen gehienak gozoagoak dira, noski. Hala, eskerrak eman nahi dizkiete bezero eta banatzaile guztiei. Eta utzi gaituzten guztiak bereziki oroitu nahi dituzte.