Gaur eguerdian ZU Mas Zainduz gizarteratze enpresaren inaugurazioa egin dute Zumarragan. Enpresa hau Piedad kalean dago eta bere helburua baztertze arriskuan daudenei lan munduan murgiltzen laguntzea da.
Inaugurazio ekitaldian Maite Martinez Lanbideko lan aktibazioko zuzendariak, Iñigo Luzuriagak Lanbidek Zumarragan duen bulegoko zuzendariak, Astrid Lopez de la Serna Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren ordezkariak, Jon Luqui Uggasako lehendakariak, Maria Antonia Elgarresta Uggasako Gizarte eta Lan arloko teknikariak, Gizateako (gizarteratze enpresen elkartea) Joana Revillak eta Miren Urquizuk eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
Zumarragan langabezia %11,2koa da eta langabetuen %75-80 kualifikazio baxua duten personak dira (gehienbat emakumeak). Hori ikusirik, Zumarragako Udalak gizarteratze enpresa bat abian jartzea erabaki zuen. Sei urteko lanaren ondoren, helburua lortu du. 2020an lokala erosi zuen eta 2021ean Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuen. Egitasmo hau eskualde mailako estrategiarekin bat dator eta udalak eskerrak eman nahi dizkie aldundiari eta Lanbideri emandako laguntzagatik.