Inguruko artisauek beren produktuak ezagutzera emateko azoka egin dute. Urretxuko Iparragirre kalean jarri dituzte postuak.
Eskualdeko artisauen lana ezagutzera ematen dihardute azkenaldian Urretxun. Alde zaharra biziberritzeko egitasmoaren barruan jaio zen Iparragirre 12 Artisautza Sustatzeko Elkartea, Iparragirre kaleko 12an egoitza jarrita eta artisau lanak saltzeko denda irekita. Egitasmoaren barruan, gaur, azoka egin dute Iparragirre kalean bertan.
Kaleko arkupeetan eta kanpoan jarritako karpetan batu dira artisauak. Bitxiak, arropak, poltsak, eskulanak… produktu aukera zabala egon da. Herritarrak bertaratu dira eta postuz postu artisauen lanak ezagutzeko aukera izan dute. 11:00etatik 14:00ak arte egon dira postuak eta, eguerdirako, bertaratuak gutxitzen joan dira. Musikarik ez da falta izan.