Kale neurketaren emaitzak atzo aurkeztu ziren
Joan zen udazkenean, Urretxu eta Zumarragako udalen enkarguz, bi herriotako kaleetan euskararen erabileraren neurketa egin zen. Emaitzak atzo aurkeztu ziren. Datu nagusia oso kezkagarria da, azken hamasei urteetan ez bezala egin baitu behera kaleetan entzuten den euskararen batez bestekoak: %22,3tik (2017) %16,4ra (2021).
Euskal Herri mailako datuak joan den astean eman zituzten eta aurreko neurketatik %12,3an mantentzea nabarmendu zuten. Gurean batez besteko datuak behera egin du, ordea.
Atzoko aurkezpenean, lehenik bi udaletako euskara teknikariek datuak eman zituzten eta ondoren bertaratuei iritzia eskatu zieten aurrera begira zer egin daitekeen aztertzeko.
Datu hauexek nabarmendu zituzten teknikariek:
– Euskararen erabilera jaitsi eginda (-%5,9) eta gaztelerarena igo (%5,8). Hortaz, ez da beste erderen eragina.
– Ibilbideen bilakaeran, erreka inguruan entzuten da euskara gehien (%27,1), baina jaitsiera Urretxuko kaskoan.
– Emakumeek gizonek baino euskara gehiago erabiltzen dute (+%4,4).
– 15-24 urte bitarteko gazteen euskara erabilera %5,4 (2017an, %17,9).
– Haurrek euren arteko erabilera %18,1 (2009 %30,1).
Gazteen erabileran izandako jaitsiera ulertzeko hainbat faktore aztertu ziren: bi herrietako euskara ezagutza eta etxeko hizkuntzaren eragina. Bertaratutako herritarrek ere adierazi zuten erabileran eragiteko eskolak bakarrik ezin duela, akordio orokor baten beharra aldarrikatu zuten, gizarte mailakoa.
Horren guztiaren jakitun, udal ordezkariek aurrera begira dituzten erronkak aipatu zituzten: eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz (entrenamenduak euskaraz), lan mundua eta Euskaraldia. Azken honek erabileran eragina duela agerian gelditu da, 2018an eta 2020an Zintzo-Mintzo euskara elkarteak egindako kale neurketetan: 2018an erabilera %30,5ekoa izan zen Euskaraldiaren egunetan eta 2020an %27,3koa.
Euskaraldiaren talde motorra ekainean berrabiaraziko da, aurtengo Euskaraldia prestatzeko.