Uxue Fernandez 'ohorezko señora gonbidatua' izango da
Amaia Iturriotz bertsolari urretxuarrak Señora sariketako finala jokatuko du bihar (larunbata), 17:00etan, Leitzako Herri Aretoan. Saioetarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke. Iturriotzekin batera, Ane Labaka, Aner Euzkitze eta Sarai Robles arituko dira. Erika Lagoma eta Uxue Fernandez urretxuarra izango dira bigarren edizio honetako ohorezko señora gonbidatuak. Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses arduratuko dira gaiak jartzeaz.
Aipatutako sei bertsolariekin batera, Herrialde Katalanetatik etorritako emakume glosadoreek ere kantatuko dute. Haiena izango da finalari hasiera emateko ardura. Zazpi glosadore etorriko dira. Egun osoko egitaraua antolatu dute. 12:00etan kantu-poteoa egongo da eta 14:00etan bazkaria. Finalaren ondoren, gurdi-poteoa egingo dute. 23.30etik aurrera, berriz, DJ Txillardegi eta Lilith Selektah arituko dira Leitzako gaztetxean.
Señora sariketa iaz egin zen lehenengoz, hainbat bertsolari eta bertsozale feministen eskutik. Helburua bertso plaza berriak sortzea eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna ematea da. Andre zaharrekin eta bakardadearekin lotutako kontzeptuari buelta emateko jarri zioten señora izena. «Emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena», adierazi du Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileak.
Antolatzaileek Amaia Iturriotzi parte hartzeko gonbita luzatu zioten eta honek baiezkoa eman zuen. «Finalerdian gustura aritu nintzen. Giro ona egon zen eta saioa polita izan zen». Finalari begira, urduri jarriko dela uste du. «Sariketa hau elkarrekin gustura egoteko festa bat da, baina urduri jarriko garela uste dut. Nire burua ondo ikusten dut». Udazkenean Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartuko du. «Ilusio handiarekin nago. Txapelketa Nagusiak bertsotarateko denbora hartzera behartzen zaitu eta zure onena emateko balio du».