Dozenaka bizilagunek agerraldia egin zuten atzo gaztetxearen aurrean, Urretxuko Udalak gaztetxearen 20. urteurrena ospatzea “debekatu” duela salatzeko.
Horra hor irakurritako idatzia: “Gaztetxe aurrean bildu gara gaur udalak gaztetxe berriaren 20. urteurrena ospatzea debekatu digula salatzeko. Ekintza bat baino gehiago antolatu dugu egun hauetarako eta ekainaren 18an, urtero egin den bezala, bazkari eta festa handi batekin bukatu nahi genuen ospakizuna. Horretarako, gaztetxe atzeko aparkalekuan karpa eta txozna jarrita festa bertan ospatzea zen asmoa. Udalari baimena eskatu genion eta ez zigutela materialik utziko, ez zigutela aparkalekua erabiltzen utziko eta ezin genituela urteroko bazkaria eta kontzertuak egin esan ziguten, ezta gaztetxe barruan ere, egun horretan herrian beste ekitaldi batzuk daudela argudiatuta. Udalaren erantzuna ikusita, bilera bat eskatu genuen lehenbailehen alkatearekin eta kultura zinegotziarekin. Ez ziren gurekin bildu okupatuta omen zeudelako. Ondoren, alkateari deitu genionean, honek, erasokor, ezezkoa berretsi zigun: ezin genuela inon bazkari eta kontzerturik egin.
Horri gehitu behar zaio azken hilabeteetan udalarekin egin ditugun bileretan erakutsi duten jarrera. Gaztetxearen etorkizuna zalantzan jarri dute bilera horietan, herrira eta gazteengana itxita dagoela, politizatutako espazio bat dela eta erabilera hobe bat eman ahal zaiola esanda, adibidez. Nahiko balute eta beharrezkoa balitz, gaztetxearen zesio akordioa hausteko aukera ere aipatu dute.
Hasieratik izan da udalaren helburua gaztetxea lotu eta kontrolaren bidez beldurra zabaltzea. Horren adibide, Korrika egunean aurkitu genuen kamera. Pixkanaka, baztertu egin nahi dute gaztetxea, azkenean paretik kentzeko. Inoiz baino traba gehiago jartzen ari dira gu nekatu eta azkenean etsi dezagun. Baina indartsu dago Gazteleku eta aurrera egiteko gogotsu gaude!
Urrian berriz atea ireki genuenetik, asanbladak hainbat kontzertu eta jaialdi antolatu ditu: Ukrainako gerrari buruzko hitzaldia, Kontseilu Sozialistak antolatutako faxismoari eta euskarari buruzko hitzaldiak, Mirentxinek antolatutako jaialdia, KKinzona irratiak antolatutakoa, Hezurre kolektiboak antolatutakoa, Korrikarekin batera antolatutakoa, Martxoan Bertsoa txapelketako finala, Itaiaren emakume eskolak, Irimoko eolikoei buruzko hitzaldia… Espazio bizia da gaztetxea. Gazte askoren topaleku eta talde askoren ezinbesteko babes.
Eta bai, espazio politizatua da, eta horregatik da irekia: ez dugulako inongo eraso eta jarrera baztertzailerik onartzen eta zapaldu eta zapaltzailerik gabeko mundu baten alde egiteko espazioa delako. Ez egungo gizarte kapitalistaren miseriak onartu eta sustatzekoa. Kontrola gehitzen, pobrezia areagotzen, askatasuna murrizten eta biolentzia orokortzen ari den garai honetan, horri aurka egingo dion espazio bat izan dadin nahi dugu.
Bukatzeko, udaletxetik neurriak hartuko dituztela mehatxatu bagaituzte ere, dei egiten diegu Urretxu-Zumarragako gazteei datozen asteetako ekintzetan parte hartu dezaten eta gaztetxearen 20. urteurrena ospatuko dugula berretsi nahi dugu. Ingurukoekiko errespetuz eta giro onean, beti bezala, ospatzeko hilabetea da ekaina!”.