Gure-Txoko jubilatuen elkarteko Irri Makila antzerki taldeak Moliere frantziarraren ‘El medico a palos’ lana antzeztuko du datorren asteartean. Antzerki saioa 18:00etan izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Mari Carmen Viedmak zuzendutako lehen antzezlana da. Viedmak Pablo Santillani hartu dio lekukoa.
Viedmak esperientzia handia du, 20 urte baitaramatza La Salle-Legazpi ikastetxearen Arco Iris antzerki taldean. Pablo Santillanek, berriz, 25 urte inguru eman ditu Irri Makilan. «Goiz hartu nuen erretiroa eta lagun batek Legazpiko jubilatuen elkarteko antzerki taldean laguntzea eskaini zidan. Ondoren, Zumarragakoan hasi nintzen. Gehiegizkoa zenez, Legazpikoa utzi nuen».
Antzerkia asko gustatzen zaio eta Irri Makilan oso gustura aritu da, baina osasun arazo bat medio, utzi beharra izan du. «Lasaitasun apur bat behar nuela esan nien taldekideei. Mari Carmeni taldearen ardura hartzea proposatu genion eta baiezkoa eman zigun. Osasunak uzten didanean, aktore gisa itzuliko naiz».
Argazki nagusian: Mari Carmen Viedma, ezkerretik hirugarrena, Irri Makila taldeko kide batzuekin.
Beheko argazkian, Pablo Santillan.