Finala hilaren 16an izango da, ETBren Donostiako estudioetan. ETB1ek zuzenean emango du, 22:15etik aurrera. Finalerako beste abesti bat prestatzen ari da zumarragarra
Uxue Kerejeta musikari zumarragarra Gaztea Cover lehiaketako finalera sailkatu da. Kerejetak duela bi aste Gasteizen egin zen bigarren finalerdian parte hartu zuen. Finalerdi hori atzo eman zuten ETB1en. Finala hilaren 14an izango da, 22:15ean, ETBren Donostiako estudioetan. ETB1en emango dute, zuzenean. Iruñeako finalerdian sailkatutako hiru musikariek eta Gasteizkoan sailkatutako hiruek parte hartuko dute.
Gaztea irratiak iaz jarri zuen abian bertsio lehiaketa hau, musikari hasiberriak ezagutzera emateko eta horiei ateak zabaltzeko. Aurten 120 musikari aurkeztu dira. Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro eramango ditu etxera eta entzuleen sariaren irabazleak 1.000 euro, musika material profesionala erosteko.
Kerejeta oso gustura ageri da, noski. «Oso pozik nago, noski. Orain finalerako prestatzen ari naiz. Orain arte Xabi Bandiniren Zalantza eta egia kanta defendatu dut, baina finalerako beste abesti bat prestatu beharra dut. Ezin dut ze abesti aukeratu dudan esan».
Kerejetak ez zuen finalera sailkatzea espero. «Gazteizko finalerdian oso urduri egon nintzen eta, gainera, gainontzeko abeslariek oso maila altua zuten. Gainontzeko guztien lana asko gustatu zitzaidanez eta nire buruarekin batere gustura gelditu ez nintzenez, ez nuen finalera sailkatzea espero». Epaimahaiari, ordea, asko gustatu zitzaion Kerejetaren lana.
Zumarragako musikaria trikitilari gisa egin da ezagun, baina beste instrumentu batzuk ere jotzen ditu. Duela bost bat urte gitarra bat oparitu zioten eta coverrak (beste artista batzuen abestien bertsioak) egiten hasi zen. Irailean, berriz, piano ikasketak hasi zituen, Jon Goenaga irakaslearekin. Dagoeneko kontzertuak egiteko deitu diote. Gainera, bere abestiak konposatzen ari da.