Joan zen astean dozenaka bizilagunek agerraldia egin zuten gaztetxearen aurrean, Urretxuko Udalak gaztetxearen 20. urteurrena ospatzea “debekatu” duela salatzeko. Urretxuko gobernu taldea ez dago ados bertan esandakoarekin eta idatzi bat igorri die komunikabideei. Horra hor idatziaren edukia:
-Udal Gobernu Taldea ez dago ados prentsaurrekoan esandakoekin, ezta prentsa oharrean jasotakoarekin eta dena dokumentatua du, inork ikusi nahiko balu.
-UZGA (Gazte Asanblada) elkarteko ordezkariek egindako eskabidean, alde batetik, Zumarragako jaiak direla eta Ederrena frontoi ondoko aparkalekuan 8 egunez txosna bat jartzea eskatzen zen, bai eta 200 laguneko bazkaria egiteko zenbait material; hala nola, mahaiak eta aulkiak. Era berean, beste hainbat material eta espazio publikoren erreserba ere eskatzen zuten, 4 egunez, gaztelekuaren urteurrena ospatzeko. Zehazki, probalekuko aparkalekua, 55 plazakoa, eta frontoi ondokoa.
-Udal honek, 2022ko maiatzaren 23ko ebazpenean jasotzen den moduan, ez du inoiz urteroko bazkaria eta kontzertuak egiteko debekurik jarri. Are gutxiago, gaztetxean, udalak kontratu bidez UZGA elkarteari lagatako eraikinean. Ebazpen horretan bertan adierazten da ez direla utziko eskatutako material eta instalazioak, publikoak direnak, herritar guztienak, alegia, beste kultur ekitaldi batzuetarako okupatuta daudelako. Izan ere, eta berriro diogu, udalaren material eta instalazioak herritar eta kolektibo guztienak dira, eta aurretiaz eskatuta zeuden beste ekitaldi batzuetarako. Hortaz, ezinezkoa zen aurretik lagata zegoen materiala uztea. Aparkalekuen inguruan, aipatu, ebazpenean azaltzen den moduan, udalak udal zerbitzuak bermatu behar dituela; hori dela eta, lau egun osoz probalekuko 55 aparkaleku eta frontoi ondoko beste 12 plaza kentzeari ezezkoa eman zitzaion.
-Aipatu ebazpenaren jakinarazpena egin zenetik, udaletxe honetan ez da jaso egoera honi irtenbidea bilatzeko dei, mezu edo bilera proposamenik. Are gehiago, prentsa oharrean aipatzen diren “azken hilabeteetan egindako bilerak” ez dira egon. Ordezkari politikoekin bilera bakarra egin da, non hitzarmenaren eta funtzionatzeko moduaren inguruan hitz egin zen, eta beste bilera tekniko bat, sustapen soziokulturaleko departamentu buruarekin, diru-laguntzak nola eskatu azaltzeko.
-Egindako bilera bakar horretan adierazi zitzaien UZGAko ordezkariei udal honek ez duela inongo gogo, asmo edo interesik euren jardueraren kontrolean, baizik eta auzoan bizikidetza lasai eta baketsua lortzean. Bada, azken aldian bizilagunen aldetik jasotako kexa eta salaketek ez dute euren mesedetan ezer handirik esaten. UZGAk kontrol horren adibide modura jartzen du kamera baten erabilera, baina behin baino gehiagotan argitu zaie Mugikortasun Jasangarriaren Plana egiten ari den enpresak jarritako neurgailu bat dela (beste hainbat tokitan ere jarri da), oinezkoen eta txirrindularien pasabideen neurketa egiteko jarri zena, eta ez inor kontrolatzeko. Azalpenak eman arren, neurgailua kentzea erabaki zuten, beren kabuz.
-Gerora, maiatzaren 27an, 19:29an alkateak telefono dei bat jaso zuen, UZGAko asanbladaren izenean, eta esan zion asanbladak ez zuela ebazpena onartzen eta aurrera jarraituko zutela euren egitasmoekin, udalak esaten zuena esaten zuela. Pertsona horrek ez zuen bere burua identifikatu nahi izan.
-Gertutakoaren nondik norakoak ulertzeko, komenigarria da Urretxuko herritarrek ezagutzea Urolako geltokia zena UZGA elkarteari laga zitzaionean, lagapen hori mantentzeko ezarri ziren baldintzak. 2008an elkarteko ordezkariek eta orduko Urretxuko alkateak (Iñaki Zabalak) sinatu zuten hitzarmena.
Bertan esaten denaren arabera, hitzarmenak jasotzen dituen baldintzak mantenduko dira “baldin eta bertan ageri diren klausula guzti-guztiak betetzen baldin badira”:
- 1. – “Urretxuko Udalak interesgarria deritzo gazteen artean kultura eta aisialdi jarduerak sustatzeari, betiere beren baliabide materialek eskaintzen dioten aukeren barruan eta, betiere, material horiek lehentasunezkoak diren beste helburu batzuetarako beharrezkoak ez diren bitartean”.
- 2. – “Lokala gazteen topaleku, formakuntza eta aisialdirako erabiliko da”. Gazte asanbladak helburu hori bete behar du, bermatuz bertan antolatzen diren ekitaldi guztiak integratzaileak eta irekiak direla, gazte guztiei zuzenduak. Hau da, ez soilik Itaiak edo GKSk erabakitzen duten erabilerarako. Azken finean, gaztelekuak leku irekia izan behar du, ez pentsamendu politiko bakar bati atxikitutako gunea.
- 3. – Gaztelekuan Kontzertuak eta ikuskizunak egin ahal izateko, UZGAk “Udalari baimena eskatu behar dio 15 egun lehenago, eta horiek ezingo dira 24:00 baino beranduago amaitu”.
Udal gobernu honek ere bat egiten du bere garaian sinatutako hitzarmenak dioenarekin. Izan ere, arrazoia sinple bezain ulergarria da: gainontzeko establezimenduen moduan, bizikidetza bermatzeko arau batzuk bete behar dituzte eta arau horiek denentzat berdinak izan behar dute.
– UZGAk Urretxu eta Zumarragako Udalen dirulaguntzak jasotzen ditu jarduerak antolatzeko. Aukera hori ere lagapen kontratuan agertzen da. Pandemiaren aurretik, 2017tik 2019ra, esaterako, urtero 23.500 euro jasotzen zituzten; 3 urtetan 70.500 euro, alegia. Dirulaguntza horiek dira UZGAri ematen zaizkionak herriko gazte guztientzako irekita dauden ekintzak antolatu ditzan, beraien hitzak erabiliz, “inor baztertu edo zapaldu gabe”.
-Amaitzeko, udalak eraikin horrekiko duen ardura kontuan izanda, bermatu behar du sinatutako hitzarmena eta bertan idatzita dauden baldintzak beteko direla, asanbladako ordezkariek diotena diotela, eta horiek betetzeko neurriak hartu beharko balira, hartuko ditu; udalak herritar guztion interesak babesteko lan egiten duelako.