Atxikimenduen aurkezpena asteazkenean egingo dute, ekitaldi ireki batean
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeran alde lan egiten duen 24/7 plataformak hainbat ekimen antolatu ditu azken hilabeteetan: sinadura bilketa, bi herrietako pertsona ezagunen atxikimendua, kontzentrazioak, manifestazioak… Datorren asteazkenean, berriz, zazpi kolektibotan lortutako atxikimenduak aurkeztuko ditu: baserritarrak, kirolariak, irakasleak, sindikalistak eta langileak, tabernariak eta dendariak, gazteak eta artistak. Kolektibo bakoitzeko 24 sinadura lortu dituzte. Ekitaldia Urretxuko Gernikako Arbola plazan egingo dute, 19:00etan. Eguraldi txarra egiten badu, Ederrena pilotalekuan izango da. Ekitaldia irekia izango da eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu dituzte.