Urretxuko Ur Lantokian joskintza eta 'slow fashion' ikastaroa antolatu dute uztailerako. 7 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute, Maitane Bellosok eta Garazi Eztalak gidatuta.
Euskal Herriak jostun eta diseinatzaile handiak eman ditu eta etorkizunean ere hala izango dela dirudi. Leire Santillan moda diseinatzaile eta jostun urretxuarraren Ur Lantokian joskintza eta slow fashion uda ikastaroa antolatu dute. Eskolak Maitane Belloso legazpiarrak eta Garazi Eztala lazkaotarrak emango dituzte.
Ikastaro hau 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat da (2011tik 2015era jaiotakoak, biak barne). Makinaz eta eskuz josten ikasiko dute, inspirazioa eta diseinua landuz jantzi bat egingo dute eta joskintzarekin eta modarekin lotutako hainbat jolasetan parte hartuko dute.
Uztailaren 4tik 15era
Lehen txanda uztailaren 4tik 15era izango da eta bigarrena uztailaren 18tik 29ra. Saioak astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara, Ur Lantokian (Labeaga 37).
Bi asteko ikastaroak 160 euro balio du eta hilabete osokoak 290. Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko, 695 751 634 telefono zenbakira deitu behar da.
Belloso eta Eztala irakasle gazteek Santillanekin lan egiten dute. Bellosok 23 urte ditu eta Eztalak 19. Biek Patroigintza eta Moda ikasi zuten Donostiako AEG ikastetxean eta praktikak Santillanekin egin zituzten. Egun, berarekin lan egiten dute. «Umetan, Leireren dendatik pasatzen ginenean, aitari autoa gelditzeko esaten nion, erakusleihoko jantziak ikusteko», gogoratu du Bellosok.
Bere ametsa Santillanekin lan egitea zen eta ametsa betetzea lortu du. Bellosok eta Eztalak, josteaz gain, ikastaroak ematen dituzte. Hala, udari begira, haurrentzako ikastaroa antolatzea erabaki dute, Santillanen laguntzarekin. «Ur Lantokiko ikastaroetan haur dezentek ematen dute izena eta, hala, guk ere udalekuak antolatzea erabaki dugu», azaldu dute legazpiarrak eta lazkaotarrak.
Dagoeneko haur batzuk izena ematen dute, baina oraindik tokia dago. «Josten ikasteaz gain, sormena landuko dute eta modaren historia ikasiko dute. Historiaurretik, gaur eguneraino. Bukatzeko, bakoitzak proiektu bat landuko du». Astean behin edo, kalean josiko dute.