Gazteek eta udalak udarako aisialdi programa antolatu dute. Saskibaloi txapelketa, zine emanaldiak eta sukaldaritza ikastaroak izango dira.
Gaztetxoek eta Urretxuko Udalak udako programa antolatu dute, Piztu Gazte egitasmoaren barne. Lehen ekitaldia larunbatean izan zen, Ederrena pilotalekuan: DJ Josu Rodriguezekin dantzaldia egin zuten.
Larunbat honetan, 10:00etatik 14:00etara, 3×3 saskibaloi txapelketa jokatuko da Gernikako Arbola plazan.
Uztailaren 6an eta 20an, berriz, zine emanaldiak egongo dira Gernikako Arbola plazan. 22:00etan izango dira. Bukatzeko, uztaileko astearte eta ostegunetan, 11:30etik 13:00etara, sukaldaritza ikastaroak egingo dira Gazte Bidean lokalean.
Ekitaldi hauek Piztu Gazte mahaiak antolatu ditu. Mahai honen sorrera udalak bultzatu du, udalaren eta gazte eta nerabeen arteko harremana sustatzeko. Mahaia eta ekitaldiak ostiralean aurkeztu zituzten. «Gazteek udala urruti ikusten dute eta askotan ez dugu jakin beraiengana hurbiltzen. Bi herrietako hiru ikastetxeetako ikasleekin mahai hau sortu dugu beraiekin hartu-emana izateko, beraien proposamenak jasotzeko… Azken hilabeteetako lanaren eskutik, mahaia egonkortu egin da eta udako aisialdi programa antolatu dugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu ikastetxeei, proiektuari eskaini dizkioten orduengatik», azaldu zuen Maialen Fidalgo zinegotziak.