22:30ean izango da eta ETB1en eta eitb.eus-en emango dute
Uxue Kerejeta zumarragarrak Gaztea Cover lehiaketaren finalean parte hartuko du gaur gaudean. Finala Donostiako Miramongo estudioetan izango da eta zuzenean emango dute ETB1ean eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Julen Telleriak aurkeztuko du eta sei musikari arituko dira lehian.
Gasteizko Unami taldeak Compay Segundo kubatarraren Chan Chan kanta joko du, Aretxabaletako Danel Sarasuak Bulego taldearen Ezer ez da berdin, Bilboko IVP taldeak Sandro Giacobbere italiarraren El jardin prohibido, Elgetako Unai Cantabranak Harry Styles ingelesaren Golden , Bilboko Krusak taldeak Rigoberta Bandini bartzelonarraren Ay mama eta Kerejetak Xabi Bandini eta Chica Sobresaltoren Zalantza eta egia.
Sei finalisten artetik bi superfinalista sailkatuko dira segidan superfinala jokatzeko, non superfinalistek beste kantu bana abestu beharko duten.
Bi sari banatuko dira. Epaimahaiaren sariaren irabazleak 2.000 euro eramango ditu eta entzuleen sariaren irabazleak 1.000 euro, musika material profesionala erosteko. Finalean zehar, ikus-entzuleek euren talde edo abeslari gustokoenen alde botoa emateko aukera izango dute eitb.eus-en.
Iaz jarri zuen abian Gazteak bertsio lehiaketa hau, musikari hasiberriak ezagutu eta horiei ateak zabaltzeko. Aurten aurkeztutako coverrak, guztira, 120 izan dira.