Jose Luis Monton gitarra-jotzailearekin batera grabatu du diskoa soinujole urretxuarrak. Hilaren 20an aurkeztuko dute, Bilbon
Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak eta Jose Luis Monton gitarra-jotzaile flamenkoak Flamenco etxea 2 diskoa grabatu dute. Aurkezpen ofiziala hilaren 20an izango da, 19:00etan, Bilboko Arriaga kontserbatorioko auditorioan.
Flamenco etxea duela hamaika urte argitaratu zuten eta arrakasta izan zuen. Mundu osoko aretoetan jo zuten eta kritika bikainak jaso zituzten.
Oraingo honetan ere flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko fusio originala egin dute, maila goreneko kolaborazioekin. Kolaboratzaileen artean, Zumarragako Trikitixa dago.
Jon Maia bertsolariak, Toti Martinez de Lezea idazleak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Oreka TX txalapartariek, Sandra Carrasco flamenko abeslariak, Juan Carlos Arazil flauta-jotzaile flamenkoak, Roko abeslariak eta Mu Mbana eta Piruchi Apo abeslari afrikarrek ere parte hartu dute; Odei Lizaso perkusio-jotzailearen eta Anthony da Cruz baxu-jotzailearen laguntzarekin.
Iparragirreren kantak
Abestiei dagokionez, Montonek eta Hermosak buleria moduan jotako euskal fandango bat interpretatu dute Zumarragako Trikitixarekin. Azpimarratzekoa da ere Iparragirreren bi kanta grabatu dituztela: Nere izarra Jon Maia eta Piruchi Aporekin (Leonard Cohen gogoratzen duela diote Monton eta Hermosak) eta Ara nun diran kantaren bertsio «iraultzaile» bat Mu Mbanarekin.
Diskoaren aurkezpen ofiziala datorren astelehenean izango da Bilbon, baina bezperan Kantabriako Miengo Kultura jaialdiko irekiera kontzertua egingo dute. Hilaren 20an, berriz, Elorrion joko dute. Euskadiko Antzoki Sareak antolatutako kontzertuan, hain zuzen ere. Euskal Herriko kontzertuetan Cristina Benitez bailaorak parte hartuko du.
Diskoa plataforma digitaletan entzun daiteke, baina kopia fisikoa ere eskuragarri egongo da musikaze.com-en.