Duela bi aste Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak (UZGA) agerraldia egin zuen gobernu taldeak (EAJ) gaztetxearen 20. urteurrena ospatzea «debekatu» duela salatzeko. Gobernu taldek ez duela festarik debekatu erantzun zuen eta UZGAk gobernu taldea «gezurretan» ari dela dio.
Beraien eskaerari udalak emandako erantzun ofizialean ekainaren 18an kontzertua eta bazkaria egiteko baimena ezesten dela diote. UZGAk bere komunikatuan erantzun ofizialaren kopia bat itsatsi du (Komunikatua eta erantzun ofizialaren kopia). Horretaz gain, gobernuko kide batek telefonoz ere bazkaria eta kontzertuak egitea debekatu ziela diote.
Gobernu taldeari biltzea eskatu diotela gehitu dute. «Ez da egia debekua jaso ondoren ez genienik biltzeko eskatu». Maiatzaren 25ean, udal gobernuko kide bati ondorengo mezua bidali ziotela diote. «Aurrekoan urteurreneko baimena eskatu genuen eta ezeztatu egin digute, horren inguruan hitz egiteko geratzea gustatuko litzaiguke».
Bukatzeko, gobernu taldeak, «gezurrak esateaz gain», Gazte Asanblada «difamatu eta desprestigiatu» nahi izan duela salatu dute. Batez ere, hiru zentzutan. «Gaztetxea herriko gazteei itxia dagoela, sekulako diru-laguntzak ditugula eta bizilagunekin arazoak ditugula esanez».
UZGAk gaztetxea espazio politizatua dela onartzen du, baina kaleko bideozaintza kamerak, pankartak jartzeko murrizketak, eraso matxistak eta gazteek beltzean lan egitea ere politika direla dio. «Aipatutakoak bultzatzen, onartzen edo kasurik onenean aurpegia garbitzeko bakarrik aipatzen dituen udal gobernua neutrala eta irekia al da? Gaztetxea espazio politizatua da eta horregatik da irekia, horien guztien aurkako jarrera politikoa duelako, bazterketarik gabeko gizarte bat nahi duelako eta bide horretan gazte guztiak batu daitezen ateak irekita dituelako».
Bestalde, ez dute onartzen GKS eta Itaia gaztetxea kontrolatzen duten bi talde bezala agertzea. «GKS eta Itaia Urretxu-Zumarragan gazte eta emakume langileon defentsan lan egiten duten bi talde dira, behar dutenean gaztetxea erabiltzen dutenak (nola ez ba)? Kontrol gosea udal gobernuarena da, ikusten ari garenez. GKSk eta Itaiak bezala, beste hainbat taldek ere erabiltzen dute gaztetxea. Aurten, honezkero, Mirentxinek, KKinzona irratiak, Hezurre kolektiboak, Euskal Udalekuek, Korrikak, Bertso Eskolak, Ikasle Abertzaleek eta Kontseilu Sozialistak».
Udalak ematen dien diru-laguntzari dagokionez, diru hori urte osoko egitaraua (festak barne) ordaintzen erabiltzen dutela, aurrekontu osoaren zati txiki bat soilik estaltzen duela, asanbladako inork ez duela xentimorik kobratzen eta urte amaieran udalak emandako euro bakoitza justifikatzen dela aipatu dute. «Udal aurrekontuaren %0,002 da. Udalak festetan bere egitarauko ordu beteko kontzertu batean gastatu ohi duena. Diru kontuak aipatzen hasi nahi badute, aipatu dezatela zenbat kobratzen duen udal gobernuko kideek herria ‘zerbitzatzeagatik’».
Bizilagunekin ez dutela arazorik izan gehitu dute. «Inork ez digu udalak aipatzen dituen kexa horien berri eman. Gure jardunean inor molestatu badugu, horri buruz hitz egin eta irtenbideak bilatzeko arazorik ez dugu».
Babesa eman dieten guztiei eskerrak eman dizkiete. «Ohar tamalgarri horren bidez bada ere, atzera egin dutela eta urteurrena ospatzeko baimena eman digutela ulertzen dugu. Salaketa honetan babestu gaituzten guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu eta larunbatean gaztetxearen 20. urteurreneko ospakizun handian elkar ikusiko dugula espero dugu».
Bukatzeko, ekaina hasi zenetik egindako ekintzen irudi batzuk igorri dituzte eta herritarrak aurrerantzean egingo direnetara gonbidatu.
Ekainak 3, umeen aisialdirako ekintzak.
Ekainak 10, argazki erakusketa eta kontzertu akustikoak.
Ekainak 11, Katiuska antzerki taldearen ‘Armiarma’ antzezlana.
Ekainak 16, ‘Hauts’ dokumentalaren proiekzioa.
Ekainak 17, ginkana
Ekainak 18, urteurren festa: txaranga, bazkaria eta kontzertuak