Zumarragako Udalaren ekimenez Zelai Arizti antzokian pandemiako biktimei omenaldia egin diete herritarrek, bi urteko ziklo gogorrari amaiera emateko asmoz.
Pandemiaren biktimei omenaldia egin diete Zumarragako Zelai Arizti aretoan, pasatako une gogorrak gogoan. Zumarragako Udalak antolatutako ekitaldi honetan, azken urte hauetako zikloaren itxiera gisa, herriko festek alaitasunez kaleak hartu aurretik. 12:25 aldera abiatu dira udaletxe paretik, txistu-hotsa lagun. 12:30etan Zelai Arizti aretoan sartu dira eta ekitaldiari hasiera eman diote, Andoni Salamerok sarrera eman ondorengo minutuko isilune tartearekin.
Dantzariak, musika eskolako ikasleak, ikastetxeetako haurrak eta Goiargiko abesbatza izan dira ekitaldian haien ekarpena egin dutenak, bakoitzak bere erara: batzuk kantuz, besteek dantzaz, eta abar. Omenaldia nahiko parte-hartzailea izan da, aipatutako talde hauez gain, pandemiaren kolpe gogorraz aritu diren bi herritarren testigantzak entzun ahal izan baitituzte bertaratutakoek: Igarki Buscarena eta Mari Carmen Viedmarena.
Dantzariek agurra eskaini diete omenduei. Jon Kalzada, Oihane Vicente, Uxue Kerejeta eta Luis Fernandez izan dira oinak dantzan jarri dituzten lau dantzariak, belaunaldi ezberdinetakoak guztiak, elkarrekin, gaurko omenaldiaren elkartasun giroa mantenduz. Jarraian haurren txanda izan da eta amaitzeko, Secundino Esnaola musika eskolako haurrek eta Goiargi abesbatzak Txoria txori abestu dute.