Urretxuarrek lege zaharrean ospatuko dituzte sanjoanak, pandemia garaian Santa Barbaran su txikiak piztu ondoren. Erromeria eta bazkari herrikoia egingo dituzte Santa Barbaran.
Urretxuko San Joan jaiek pandemia aurreko egitaraua berreskuratu dute. Hala, Gernikako Arbola enparantzan San Joan sua piztuko da gaur. Lizarriturri Txistulari Elkarteak kalejira hasiko du 21:00etan, eta Gernikako Arbolara iristen direnean piztuko da sua, 22:30ak aldera. Herriko hainbat eragilek dantza, kantu, bertso eta konjuruz osatutako ikuskizuna eskainiko dute suaren inguruan. Jendetza espero da eta protagonistei traba ez egiteko eskatu dute. Elortzak eta Larrañagak trikiti saioa egingo dute sua itzaltzen denean.
Santa Barbaran iaz altxatako San Joan zuhaitzean jarritako koroa sutara botako dute. Izan ere, pandemiak ez zuen ohitura eten eta Santa Barbaran urtero jarri zuten arbola. Su txikiak ere piztu zituzten. Bazkari herrikoirik eta erromeriarik ez zuten egin, dena den. Aurten, bai. Tartean eremua berrantolatu dute eta mahaietako eserlekuak, berritu dituzte.
Bihar, Santa Barbara
Bihar, 10:00etan, udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira, udaletxetik. Txistulariek eta dantzariek lagunduko diete. Txalapartariek jasoko dituzte goian. Ondoren, meza hasiko da. Loreak bedeinkatuko dituzte eta bertsolariek eta Lurra taldeko dantzariek parte hartuko dute. Mezaren ondoren dantzarien saioa egongo da.
12:30ean Irimora Igoera egingo dute. 40. edizioa izango da aurtengoa. 20 korrikalarik jada izena eman dute; bihar ere izena eman ahalko da. Toka txapelketa, herri kirol desafioa eta irrintzi txapelketa ere egingo dituzte egunean zehar.
18:00etan Erdizka Lauetan taldearen erromeria hasiko da. Aurretik haurrentzako erromeria txikia eta jolasak egingo dituzte oholtzaren aurrean.
21:00etan jaitsiera egingo dute, txistulari, dultzainari eta trikitilariekin. Behin herrigunean, Gauargi erromeriak kontzertua eskainiko du Gernika plazan.
Gomendioak
Urretxuko Udalak gogorarazi du baimenik ez duten autoek ezingo dutela igo. Trukean, autobus zerbitzua egongo da 10:00etatik aurrera, 20:30era arte.
Santa Barbarako eremua txukun mantentzeko eta hondakinak bereizteko ere eskatu dute. Lanak errazteko gaikako edukiontzi gehiago jarri dituzte. Edalontzi, plater, mahai tresna… berrerabilgarriak erabiltzea ere gomendatu dute.