Urretxuarrak San Joan eguneko erromeria ospatzen ari dira Santa Barbaran. Goizean, meza, lore bedeinkapena, Lurra taldeko dantzarien saioa, bertsolarien saioa, Irimora Igoera, toka txapelketa eta herri kirol desafioa egon dira.
Irimora Igoera Aitor Zunzunegi legorretarrak eta Ainhoa Unanue urretxuarrak irabazi dute. Gizonezkoei dagokienez, bigarrena Mikel Zabalegi ordiziarra izan da, hirugarrena Ibai Makazaga oriotarra, laugarrena Gaizka Lasa legorretarra eta bosgarrena Xabat Elortza oriotarra. Emakueen senior mailan Bidaniako Eneritz Iraola sailkatu da bigarren postuan.
2008, 2009 eta 2010ean jaiotakoen artean, lehenengoa Peru Calvo zumaiarra izan da, bigarrena Amets Aiastui zumarragarra eta hirugarrena Koldo Zurutuza zumarragarra. 2006 eta 2007an jaiotekoei dagokienez, Telmo Iturbe zumarragarra nagusitu da. Bigarren postuan Aratz Diaz de Espada urretxuarra sailkatu da eta hirugarrenean Eneko Garcia zumarragarra.
Bukatzeko, beteranoen mailan Alberto Lamariano azpeitiarra eta Alazen Irurita aizarnazabaldarra nagusitu dira. Bigarren gizonezko onena Jon Roman urretxuarra izan da, hirugarrena Jesus Zelaia azpeitiarra, laugarrena Alvaro Rubio iruñearra eta bosgarrena Egoitz Asurabarrena urretxuarra. Emakumezkoen artean, bigarren postuan Izaro Soraluze zumarragarra sailkatu da.
Arratsaldean ekitaldi gehiago egongo dira. 18:00etan Erdizka Lauetan taldearen erromeria hasiko da. Aurretik haurrentzako erromeria txikia eta jolasak egingo dituzte oholtzaren aurrean.
21:00etan jaitsiera egingo dute, txistulari, dultzainari eta trikitilariekin. Behin herrigunean, Gauargi erromeriak kontzertua eskainiko du Gernika plazan.
Urretxuko Udalak gogorarazi du baimenik ez duten autoek ezingo dutela igo. Autobus zerbitzua egongo da 10:00etatik aurrera, 20:30era arte.