Jendetza elkartu da bart Gernikako Arbola plazan, San Joan bezperako sua pizteko ekitaldian. Gaur, Santa Barbaran izango da festa.
Arratsaldean euria egin zuen eta gauerdi aldera sekulako zaparrada bota zuen, baina eguraldiak San Joan sua errespetatu zuen eta urretxuarrek gustura dantzatzeko eta kantatzeko aukera eduki zuten. Jendetza elkartu zen Gernikako Arbola plazan.
Horra hor Gotzon Aranburuk egindako bideoa.
Gaur, 10:00etan, udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira, udaletxetik. Txistulariek eta dantzariek lagunduko diete. Txalapartariek jasoko dituzte goian. Ondoren, meza hasiko da. Loreak bedeinkatuko dituzte eta bertsolariek eta Lurra taldeko dantzariek parte hartuko dute. Mezaren ondoren dantzarien saioa egongo da.
12:30ean Irimora Igoera egingo dute. 40. edizioa izango da aurtengoa. 20 korrikalarik jada izena eman dute; bihar ere izena eman ahalko da. Toka txapelketa, herri kirol desafioa eta irrintzi txapelketa ere egingo dituzte egunean zehar.
18:00etan Erdizka Lauetan taldearen erromeria hasiko da. Aurretik haurrentzako erromeria txikia eta jolasak egingo dituzte oholtzaren aurrean.
21:00etan jaitsiera egingo dute, txistulari, dultzainari eta trikitilariekin. Behin herrigunean, Gauargi erromeriak kontzertua eskainiko du Gernika plazan.
Urretxuko Udalak gogorarazi du baimenik ez duten autoek ezingo dutela igo. Autobus zerbitzua egongo da 10:00etatik aurrera, 20:30era arte.
Santa Barbarako eremua txukun mantentzeko eta hondakinak bereizteko ere eskatu dute. Lanak errazteko gaikako edukiontzi gehiago jarri dituzte. Edalontzi, plater, mahai tresna… berrerabilgarriak erabiltzea ere gomendatu dute.