Zumarragako Santa Isabel Jaiei ateak ireki dizkiete berriro ere pandemiaren geldialdiaren ondoren eta jai-giroa da nagusia herriko kaleetan. Lehen asteburua ekintzaz betea izan dute. Gaurkoan haurren txanda izan da, alkate-makila jaso eta herriaren agintari bilakatu baitira.
Santa Isabelak iritsi dira berriro ere Zumarragara eta jaietako lehen asteburua ekintzaz beteta izan dute. Ostiraletik hasi eta gaur arte zenbait ekintzaz gozatzeko aukera izan dute zumarragarrek, jai giroan. Pintxo lehiaketa, dantza libreko txapelketa, mus txapelketa, Goiargiren kontzertua, artisau azoka eta haur danborrada izan dituzte egun hauetan besteak beste.
Gaur haurren txanda izan da, alkate-makila eskuan, herriaren agintea hartu baitute haurren egunean. Goizeko 10etan artisau azoka ikusi ahal izan dute herritarrek, Zelai Arizti pilotalekuan. Bertan, hainbat produktu, jantzi eta bitxikeria topa zitezkeen. Ondoren, 11etan Zumarragako alkate txikiak hartu du agintea, alkate-makila jasota Mikel Serrano alkatearen eskutik. Ekitaldiaren ondoren alkate zein zinegotzi paperean zeuden haurrak udaletxeko balkoira atera dira, herriari pregoia irakurtzeko. Dantzariak eta musikariak ere bertan izan dira, txikienei harrera egiteko. Irrintzi Dantza Taldeko haurrek atetik ateratzerakoan egin diete harrera agintari txikiei eta ondoren, bertso eskolakoen txanda izan da. Horrez gain, jolasteko aukera ere izan dute haurrek Zelai Arizti Parkean jarritako tailerretan parte hartuz.
Jarraian, pintxo lehiaketako sariak banatu dituzte txikiek. Ostiralean eta larunbatean izan zen pintxo lehiaketa eta herriko hainbat tabernak hartu zuten parte: Bidezar, Hirukia, Saski, Txanpon, Urzubi, Ziaboga eta Berri. Horien artean garaile izan dira Hirukia eta Bidezar tabernak. Hirukia tabernak pintxo onenaren saria irabazi du eta Bidezar tabernak, aldiz, pintxo originalenaren saria.
Arratsaldean
Arratsaldeko egitarauari dagokionean, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da haurren denborrada La Salle-Legazpi ikastetxetik. Ondoren, Secundino Esnaolarantz joango dira, Urolatik pasa eta berriro Secundino Esnaolara itzuliz. Jarraian, Legazpi, Jai Alai eta Zelai Arizti igaroko dituzte, azken honetan geldialdi baterako tartea hartuz. Amaitzeko, Legazpi, Iparragirre eta Filipinak pasako dituzte danbor hotsez, La Salle-Legazpi ikastetxera iritsi arte.
Musika eskaintza ere izango dute zumarragarrek, musika eskolako ikasleen eskutik. Clara Larrañaga parkea rock musikaz bustiko dute arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Familian egiteko planak ere barnebiltzen ditu Santa Isabel Jaien egitarauak, izan ere, Zelai Arizti parkean Ganso&Cia taldearen eskutik Panoli Kabareta ikusi ahal izango dute.
Ekintzaz betetako jaietako lehen asteburuari agur esango diote arratsaldeko 20:00etan egingo duten trikipoteoan, Joxe Mendizabalen hauspoaren hotsaz.