DJ Tintz (Andoni Martinez) aurtengo Santa Isabel jaietako protagonista nagusietako bat izango da. Hiru saio egingo ditu: gaur haurrentzat eta larunbatean herriko gainontzeko DJ-ekin eta txosnetan.
Tintzek umetatik atsegin du musika. «Disc-man-arekin ibiltzen nintzen eta modako abestien berri izatea gustatzen zitzaidan. Ikastolan play-back-a egiten genuenean, ni arduratzen nintzen diskoez. 15 bat urterekin, mahai bat erostea erabaki nuen. Jendaurrean aritzeko lehen aukera Tirapuk eta Josuk eman zidaten, jaietako DJ festan».
Entzuleen araberako musika jartzen du. «Errepertorio zabala dut. Askotan ideia batekin joan naiz eta beste gauza bat egiten bukatu dut. Garrantzitsuena bezeroa gustura uztea da».
Bere lana ondo egiten duela argi dago. Zenbat tokitatik deitzen dioten ikustea besterik ez dago. «Lizarrako diskoteka batera askotan joan naiz. Aurten, Tafallan, Logroñon, Bilbon, Donostian… ere egon naiz». Abuztuan DJ-en paradisura joango da. «Ibizara joatea eskaini didate. Diskoteka pare batean arituko naiz, abuztuaren 20an eta 22an».
Geroz eta lan gehiago duen arren, ez du fabrikako lana uzteko asmorik. «Jendeak lana uzteko esaten dit, baina DJ profesionala izatea oso zaila da. Hemendik bizpahiru urtera gazteago bat modan jartzen bada, zer? Askotan eskaini didate diskoteka bateko DJ egoiliar izatea, baina ez dut nahi. Ostiralero eta larunbatero toki berean egon beharko nintzateke eta ez dut hori nahi. Ekitaldi ezberdinetan parte hartzea gustatzen zait. Publiko ezberdinekin aritzea».