Zumarragako kuadrillak Grand Prix lehiaketan nor gehiagoka aritu dira bigantxak tarteko, jaien amaieran.
Zumarragako jaietan egitarau zabala izan dute herritarrek. Urola Futbol Taldeak eman zien hasiera aurtengo Santa Isabel Jaiei, pregoia botaz eta geroztik, jai giroa da nagusi herrian. Honen ondoren, ekitaldi mordoa izan zituzten zumarragarrek, bakoitzak bere gustura. Errekortadoreak, musika eskaintza eta elkarteen arteko danborrada egin dituzte ostiralean eta larunbatean, berriz, erromeria itzuliko da zumarragara, pandemiaren ostean lehen aldiz eta inoiz baino gogo handiagoz daude herritarrak.
Gaurkoan, igandea, hainbat ekitaldi izan dira, horien artean, bandaren kontzertua eta saloi dantzak, baina gazteen artean igandeko ekitaldirik esanguratsuena kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketa izaten da, eta aurten ere ilusioz daude gazteak.
Kuadrillen arteko Grand Prix lehiaketa
Arratsaldeko 18:00etan sartu dira ikusleak La Salle-Legazpi eskolako atarian muntatuko zezen-plazan eta hasi da jokoa. Plaza jendez lepo bete dute zumarragarrek, batez ere gazteek. Grand Prixaren antolatzaileek adierazi dutenaren arabera, parte-hartzea mugatua denez hainbat kuadrilla “kanpoan geratu behar izan dira”, izen-emateek parte-hartze muga zeharkatzen baitzuten. Beraz, 8 kuadrilla izan dira gaurko Grand Prix lehiaketako protagonista eta kolore bitartez bereizi dute talde bakoitza: horia, laranja, gorria, berdea, urdina, morea, txuria eta beltza.
Proba desberdinak gainditu behar izan dituzte kuadrillek garaipena lortzeko puntuak gehitzen joateko. Lehen jokoa puzgarriekin egitekoa zen, baina antolatzaileen arabera, eguraldi kaskarrak “ez diete utzi” haien hasierako asmoak betetzen. Ondorioz, lehen proba aldatu behar izan dute eta bigantxa-futbola egin dute taldeek binaka elkarren aurka jokatuz. Hortxe iritsi dira lehenengo kolpeak eta arrastadak. Ondoren, zaku-lasterketa egin dute eta jarraian, “Siamdarren jokoa” egin dute, galtza handi batzuk jantziz talde bakoitzeko bikote batek eta ontzi bat urez ahalik eta gehien betetzen saiatuz, edalontziak erabiliz. Hirugarren proban beltzak gailendu dira, neurgailuan 7cm-ko altuera lortuz jasotako urarekin. Mozorroek ere izan dute tartea Grand Prix lehiaketan, proba baterako mozorrotu egin behar izan baitu talde bakoitzeko batek. Hala, probaz proba puntuak lortuz joan dira taldeak, ikusleen animo oihu eta txalo artean.