Igandean emakume bat erasotu zuten Zumarragako jaietako txosna gunean eta erasotzaileak gainontzekoekiko ere jarrera erasokorra eduki zuen. Itaiak jaietarako prestatutako protokoloa abiarazi zuten eta txosna gunea itxi zuten. Atzo kontzentrazioa egin zuten txosna gunean, erasoa salatzeko. Kontzentrazioa Itaia emakume langileen antolakunde sozialistak deitu zuen. Eraso orori aurre egin behar zaiola aldarrikatu zuten. Zumarragako Udaleko bozeramaleen batzordeak, berriz, «gaitzespen irmoa egin zuen». Udalak «baliabide guztiak» jarri ditu abian gertatutakoa argitzeko eta erantzun eraginkorra emateko.
Itaiak, berriz, idatzi bat plazaratu du. Horra hor idatzia:
“Festen azken aurreko egunean, igandean, txosna gunea itxi genuen iluntzean hasi eta
gauera arte gertatutakoen ondorioz. Elektrotxarangak moztu egin zuen emanaldia gizon batek taldekide batekiko izandako jarreragatik, keinu eta ukitu lizunak egin zizkiolako kontzertuan zehar, zehazki. Ondoren, gauean zehar txosna gunearekiko jarrera erasokorrak errepikatu zituen, tartean labana bat erakusten aritzea behin eta berriz. Horrez gain, txosnetatik kanpo ere liskarrak izan zituen. Kasu honi gehitu nahi dizkiogu festetan jai espazio ezberdinetan egon diren beste jarrera biolento batzuk ere, eta guztiz gaitzetsi nahi ditugu elkarretaratze honetan.
Biolentzia bera egunerokotasunean eta, batez ere, jai giroan presente izaten dugula
jakitun, Itaiatik protokolo bat jarri genuen martxan erasoei ahalik eta modu
efektiboenean erantzuteko eta etxeratze kolektiboak ere antolatu genituen prebentzio
gisa. Tamalez, protokoloa aktibatu egin behar izan genuen igandean, eta jarrera
erasokorrak errepikatu zitezkeela ikusita, txosna gunea ixtea erabaki genuen.
Erasoei momentuan erantzun behar zaie baina, gainera, ezinbestekoa da erasoak behin betiko bukatzeko hauen jatorria aztertzea. Emakume langileon bizitzetan, tamalez, eguneroko ogia dira erasoak, subjektu gutxietsi eta objektu sexual modura sozializatuak izaten gara eta.
Jai giroan azaleratzen da hori nabarmenen. Sistema kapitalistak eskaintzen digun egunerokotasunean soldatapeko lanak, horretara bideratutako ikasketek edota langabeziak agintzen dute. Jai giroan, berriz, ohikoa bihurtzen da astean zehar pilatutako frustrazio horretatik ihes egin nahi izatea. Horrela, ihes egiteko bide bilakatzen dira jaia, desfasea eta hauei loturiko droga mota ezberdinak. Horrek,
frustrazio horrekin amaitu baino, biolentzia forma ezberdinak ditu ondorio askotan, eta horiek jasaten dituztenak, askotan subjektu sozialki gutxietsi eta azpiratuak izaten dira.
Gaurdanik, beharrezkoa da guztiz normalizatua dagoen egoera honi benetako erantzun integralak ematen hastea, erasotuari beharrezko laguntza eskainiz eta figura
erasotzaileei erantzunez, zapalkuntza bera gainditzera bidean.
Hau guztia kontuan izanda, eraso ororen kontra eta, horrenbestez, biolentzia forma
ororen kontra, gure tresna propioak sortzeak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Horren adibide xumeak dira jai eremuan erasoen aurka antolatutako protokoloa edo
duela hilabete batzuk sortu genituen indarkeria matxisten aurkako asanbladak.
Biolentziarik gabeko gizarte bat eraiki nahi badugu, antolakuntzaren bidetik besterik
ezingo dugu lortu: jarrera oldarkorrak borrokatuz eta kontzientziaziorako zein
aldaketarako erremintak sortuz. Orduan bakarrik hitz egin ahal izango dugu espazio
seguruez eta benetako askatasunaz, hau da, zapalkuntzarik gabeko gizarte batez.
Ondorioz, guk argi dugu: eraso orori aurre egin!”.