Gaur arratsaldean hasi dira geltokietako jaiak, ur globo gudarekin. Ondoren, dultzaineroak eta buruhandiak kalera atera dira. Trikipoteoa eta partxis txapelketa egin dituzte. Festa gosea eta eguraldi ona lagun, jende andana elkartu da geltokien auzoan.
21:30ean bertso-afaria egingo dute Brannigans tabernan, 23:00etan rap gaua egingo dute Txindokiko tabernan, 01:00etatik aurrera Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du eta 03:30ean joko eroak egongo dira. Bertso afarian Nerea Ibartzabalek (Fina Salegi auzotarraren alaba), Iker Zubeldiak eta Mikel Iturriotz urretxuarrak abestuko dute.
Biharko ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan hiru ekitaldi egongo dira: Domingo de Mendiaratz plazan toka txapelketa jokatuko dute, Txindokiko plazan olinpiada hasiko da eta geltokietako enparantzan puzgarriak egongo dira. Haurrek 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era jolastu ahal izango dute puzgarrietan.
13:00etan Zumarragako musika bandak kalejira egingo du eta 14:30ean paella dastaketa eta gazte bazkaria egongo dira Domingo de Mendiaratz plazan. 15:00etan mus txapelketa jokatuko da Urola tabernan eta 16:00etan bingoan jokatuko dute Domingo de Mendiaratz plazan. 16:30ean olinpiaden arratsaldeko saioa hasiko da. 19:00etan Joseto ta Alayak elektrotxarangak joko du eta 22:45ean kontzertuak egongo dira. Kaos Etiliko eta Laket taldeek joko dute eta ondoren Dj Muri-ren saioa egongo da. Bukatzeko, 07:00etan asto entzierroa egingo dute.
Igandean ere hainbat ekitaldi egongo dira: 10:30ean txistulariak, 12:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era puzgarriak, 13:00etan patata tortilla lehiaketa eta 19:00etan Alaitasuna errondailaren kontzertua auzoko kaleeetan.