Zumarragako udalbatzako kideek Jose Angel Igartzabal bake epaileari esker ona azaldu diote gaur arratsaldeko osoko bilkuran. Martxoan, Igartzabalek 50 urte bete zituen karguan. Udalak makil bat oparitu dio.
Mikel Serrano alkateak Igartzabalek bizikidetzaren alde egindako lana goraipatu du eta Igartzabalek landutako 300 kontziliazio kasuetatik %90ak arrakasta izan dutela gogoratu du. Horretaz gain, Igartzabalek 1.000 bikote inguru ezkondu ditu. Hasieran ez zuen soldatarik.
Serranok pertsona adeitsua eta arduratsua dela azpimarratu du. “Patxadaz eta zuhurtziaz lan egiten du. Erreferente bat da”.
Igartzabalek “hunkituta” dagoela onartu du. “Gaur bereziki harro nago nire herriaz. Nire lanak bete egin nau eta urte hauetan guztietan bizikidetza sustatzen saiatu naiz. Udalari eskerrak eman nahi dizkiot eta udalbatzako kideei indarrak batzeko eskatu nahi diet”.
Amaieran, bere senitartekoekin argazkia atera du.