Bisitariak iristen hasiak dira, baina ez pandemia aurretik bezala. Abuzturako aurreikuspenak egitea zaila da. Udako kanpainarako berritasun batzuk daude
Urola Garaiko Mankomunitateko turismo sailak udako denboraldiari ekin dio. Antioko interpretazio zentroan dagoen turismo bulegoan du egoitza zerbitzu horrek, eta bertan lan egiten duten Amaia Reta eta Nagore Gonzalez teknikariak kanpainari begirako azken eginkizunekin ari dira. Udako bisitariak jasotzen hasita daude dagoeneko.
Bi uda bereziren osteko denboraldia da honakoa, eta aurtengoan, lehen datuen arabera, egoera «oso arraroa» dela diote bi teknikariek, «ezin dugu aurrei- kuspenik egin». Dirudienez, turismoa «nahiko lasai» dago aste hauetan, bai Antion bai inguruko zonaldeetan ere. Abuztuan zer gertatuko den ez dakite.
Bisitarien profila aldatu da
Antioko baseliza eta Mirandaola burdinola dira Goierri garaiko turismo baliabide garrantzitsuenetako bi, eta horietan bisitari taldeen mugimendua somatu dutela diote bi teknikariek, «ez dira iritsi pandemia aurreko datuetara, baina bisitariak badabiltza». Turismo bulegoan, ordea, gauzak beste era batekoak dira: «Bulegoan, jende gutxi dabil». Arrazoia ohitura aldaketa izan daitekeela nabarmendu dute. «Turismo bulegora datozenen profila 50 urtetik gorako jendearena da, eta Interneta ez daukatenak dira normalean. Beste guztiak Internet bidez informatuta datoz, eta gauza puntualen baterako ez bada, ez dira bulegora sartzen».
Hori dela eta, geroz eta eskuliburu gutxiago argitaratzen dituzte, «ez du merezi», diote. Sare sozialei begiratzen diete orain gehiago, «promozioa egiteko baliagarriagoak dira Facebook edo Instagram, adibidez».
Telefono bidezko kontsultak jasotzen dituzte oraindik, «Google-ek ez duelako den-dena kontatzen, edo ez dagoelako beti eguneratuta». Antioko baselizari buruzko informazioa da gehien eskatzen dietena, baita inguruko jatetxeei buruzkoa ere, «telefono zenbakiak, edo distantziak».
Bulegoraino iristen diren bisitarien artean estatukoak dira nagusi, baina frantsesen kopurua igo egin dela somatu dute.
Berritasunak eta gehiago
Datozen asteetarako ziurgabetasun horrek, ordea, ez ditu Urola Garaiko teknikari hauek kikildu, eta etor daitekeenari baikortasunez begiratzen diote. Eskaintza sendoa eta erakargarria dutela argi dute, eta berritasun batzuk ere sartu dituztela azaldu dute. Hala, Ezkioko Igartubeitin bi esperientzia berri hasi dira eskaintzen: Egin ezazu zure sagar zukua eta Ehundu familia tailerra.
Legazpin, bestetik, Mirandaola parkean Lenburren eskutik egin daitekeen pista jokoa da berritasuna, eta laster ihes gela bat jarriko dute martxan.
Ezkutuko Altxorrak programak, bestalde, izango ditu beste bi geldialdi gehiago Goierri garaian, bat abuztuan eta bestea irailean.
Antio barne hartzen duen Ignaziotar Lurraldea, azkenik, geroz eta indar gehiago ari da hartzen, eta horren sustapenari begira, webgune berezi bat jarri dute martxan, www.tierraignaciana360.com. Bertan, bideo berritzaile baten bidez, Loiolako, Arantzazuko eta Antioko elizetako altxorrak gertu-gertutik ikusteko aukera dago.
Irailari begira jarrita,23an, 24an eta 25ean, industria turismo jardunaldi batzuk egingo dituzte Antion, eta horien barruan hainbat industria gune bisitatzeko aukera izango da.