Maite F. Muga urretxuarrak COVID iraunkorra du, eta duela gutxi gaixotasun horrek bere egunerokoan eragiten dizkion eragozpenak eta zailtasunak azaldu ditu sare sozialetan, bideo baten bidez.
Gaixotasun berria eta ezezaguna da oraindik COVID iraunkorra, eta Maite F. Muga urretxuarrak zer den azaldu nahi du. GOIERRIKO HITZA-ko kolaboratzaile den Gotzon Aranburuk bideo batean grabatu du bere testigantza, eta sare sozialen bidez zabaldu du.
Iazko apirilean kutsatu zen COVID-arekin Maite F. Muga. «Ez nintzen oso larri egon, aurreko martxoan lehen txertoa jaso nuelako», gogoratu du. Karga biriko handia izan zuela dio, eta medikuak kalera ateratzeko baimena eman zion arren, «egunak pasa ahala oso nekatuta jarraitzen nuen, eztula ez nuen kentzen, sukarra eta buruko mina ere ez… aurrera egin ordez atzera egiten nuen. Hiru hilabetera askoz ere okerrago nengoen».Espezialistarengana bidali zuten, eta orduan diagnostikatu zuten COVID iraunkorrarekin.
Sintoma ugari
Diagnostikoaren hurrengo hilabeteetan, «oso nekatuta» zegoela gogoratu du, eta minez. Gaur egun ere, hala jarraitzen du: «Buruko mina, hankak, bernak, txorkatilak, belaunak… minduta. Askotan ezin naiz zutik egon, dutxatu ere exerita dutxatzen naiz. 200 metro oinez jarraian egiteko gai ez naiz ia-ia». Ahotsarekin ere arazoak dituela azaldu du bideoan, eta grabatu zuten egunean «ondo» bazuen ere, «normalean ez dut ahotsik, eta eguna bukatzerakoan eztarriko mina izaten dut».
Sukar puntua, zorabioak, bularreko mina, urrutira gaizki ikustea, arnasik gabe geratzea, ahultasuna, dardarak, eta arreta falta dira beste sintoma batzuk. Horri aurre egiteko sendagai «oso potenteak» hartzen ditu, eta gainera, tratamentu psikiatrikoa du, antsietatea duelako.
Lanera itzulera
Bajan egon da luzez, baina pasa den ekainaren 29an alta eman zioten, «hobetzeko aukerarik ez dudala, eta horrela bizitzen ohitu behar naizela esan zidaten». Ikastetxe bateko jangelako laguntzailea da, «eta ez da oso astuna, baina ni ez naiz gai sentitzen lan hori egiteko». Gaixo batzuk eszedentziak eskatu, eta beste batzuk lana utzi behar izan dutela azaldu du.
Maite. F. Mugak salatzen duenez, patologia hori ez dute gaixotasun gisa onartu, eta gizartean oso ezezaguna da gainera. «Nik COVID iraunkorra dut, baina gaixotasun hori ez da kutsakorra COVID-19a bezala».
Hau guztia nahiko larria ez balitz, medikuek ohartarazi diote berriz ere COVID-arekin kutsatuz gero, sintomak areagotu egingo zaizkiola. Gainera, gaixotasun honen ondorioak agertzen hasiak dira: minbizia, kardiopatiak… «Gauza oso serioa da, eta ni beldurrez bizi naiz».
Elkartearen babesean
COVID iraunkorra dutenek elkarte bat sortu dute Bizkaian, eta handik iristen zaizkie berriak, «batzuetan guk medikuek baino lehenago dakizkigu gauzak. Orain, adibidez, Ingalaterran antibirikoekin probak egiten ari dira, baina Espainian ez, oso garestia delako tratamendu hori».
Horregatik, «ikusgarritasuna» eman nahi dio berak bizi duenari, «niri bizitza hondatu dit» dio, ezin da normaltasunez bizi. Gaixotu eta hiru hilabetera zahartu zela sentitu zuen, orain, 88 urte dituen aitaren pare ikusten du bere burua.