Nahia Garrido igerilari urretxuarrak Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoan parte hartuko du, igandetik hilaren 30era, Eslovakiako Banska Bystrica hirian. Ekitaldi honetan 14 eta 18 urte arteko Europako kirolari onenek parte hartzen dute. Espainiako Igeriketa Federazioak 16 igerilari deitu ditu eta euskal herritar bakarra urretxuarra da.
Garridok hiru probatan parte hartuko du: astelehenean 200 metroko bizkar igeriketa proban, asteazkenean 100 metroko tximeleta proban eta ostegunean 100 metroko bizkar igeriketa proban.
Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa 1990ean sortu zen, Europako Batzorde Olinpikoen Elkarteen eskutik. Europako kirolari gazteei zuzendutako ekitaldi nagusia da. Bi urtean behin egiten da, neguan eta udan.
50 herrialdetako kirolariek parte hartzen dute eta, Joko Olinpikoetan bezala, hiri olinpikoan ematen dituzte lehiaketa egunak. Negukoan 1.600 kirolari inguruk parte hartu ohi dute eta udakoan 3.600 inguruk. Udakoan hamaika kirol daude: gimnasia artistikoa, atletismoa, saskibaloia, txirrindularitza, piraguismoa, eskubaloia, judoa, igeriketa, tenisa, boleibola eta borroka librea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide