Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa 1990ean sortu zen, Europako Batzorde Olinpikoen Elkarteen eskutik. Europako kirolari gazteei zuzendutako ekitaldi nagusia da. Bi urtean behin egiten da, neguan eta udan.
50 herrialdetako kirolariek parte hartzen dute eta, Joko Olinpikoetan bezala, hiri olinpikoan ematen dituzte lehiaketa egunak. Negukoan 1.600 kirolari inguruk parte hartu ohi dute eta udakoan 3.600 inguruk. Udakoan hamaika kirol daude: gimnasia artistikoa, atletismoa, saskibaloia, txirrindularitza, piraguismoa, eskubaloia, judoa, igeriketa, tenisa, boleibola eta borroka librea.