Manuel Janeirok (Cerdedelo, Ourense, 1949) iturgintza enpresa sortu zuen duela 50 urte. Azken hamarkada hauetan energia berriztagarrien aldeko apustua egin du.
Nolatan hasi zinen iturgintza munduan?
13 urte bete nituen arte eskolara joan nintzen. 13 urterekin Beloki inprentan hasi nintzen lanean. Inprentan diru gutxi irabazten zenez, iturgin lanean hasi nintzen Angel Arratibelekin. Ondoren, Gaintzako Vicente Garmendiarekin aritu nintzen.
Noiz hasi zinen zure kontura lana egiten?
Soldadutzatik itzuli eta bi egunera. Arratibelek gas instalazioen ikastaro batera bidali ninduen eta soldadutza osoa gasarekin lanean eman nuen: 20.000 kiloko hiru propano depositu zituen sukalde batean lan egin nuen. Mantenuaz arduratzen nintzen. Esan bezala, soldadutzatik itzuli nintzenean nire kontura hasi nintzen. Lan egin ahal izateko, gas instalatzaile agiria eskatu ziguten. Inguru honetan, nik bakarrik gainditu nuen azterketa. 1974an lortu nuen agiria. Gipuzkoako 39.a da.
Nola lan egiten zen garai hartan?
Berogailuekin hasi ginen. Arratibelekin grabitate bidezko berogailuak egin nituen eta gasezko lehen berogailua nire etxean egin nuen, proba egiteko, 1976an. Bigarrena Urdaneta 2an bizi zen Santiago Baezentzat egin nuen. Berokuntza instalazio gutxi zeuden garai hartan Zumarragan. Lehenago egurrarekin zebiltzan batzuk egin genituen, Orbegozo enpresan sukaldeak egiten zirelako. Grabitate bidezko instalazioak egin genituen, garai hartan ez baitzegoen ponparik.
Lan asko al zenuten?
Asko. Orbegozok egiten zituen sukaldeak ez zeuden berokuntzarako prestatuak, baina 1980an Alemaniako sukaldeak iritsi ziren eta horiek bero handia ematen zuten. Esklusiba nuenez, baserrietan sukalde asko jarri nituen. Sukalde horietako bat Ordiziako Olano eraikuntza biltegian nuen, ikusgai. Asteazkeneko azokara joaten ziren baserritar askori jarri nizkien Alemaniako sukalde horiek. 500 eta 1.000 sukalde artean jarriko genituen Gipuzkoako baserrietan. Urte batzuetan 40-50 jarri genituen.
Alemaniara joaten al zinen trebatzera?
Bi aldiz egon nintzen. Lehenengoan, bertan nola lan egiten zuten ezagutzera. Bigarrenean, ekoizleak gonbidatuta, asko saltzen genuelako.
Berrikuntza, garapena eta ikerketa gustukoak izan dituzu.
Grabitate bidez zebilen sistema Deustuko Unibertsitateko eraikuntza jasangarri ikastaro batean aurkeztu genuen. Sistema horrek ez zuen ponparik edo balbularik behar. Duela bospasei urte Kantabriatik deitu gintuzten, argindarrik gabeko berogailu bat behar zutelako eta sistema hori erabiliz egin genuen.
Beste asmakuntza bat ere egin zenuen.
Eguzki energia termikoarekin arazo bat zegoen. Neguan plakak izoztu egiten ziren. Udan, berriz, instalazioak ez zion funtzionatzeari uzten. Jendea teilatuetara igotzen zen plakak estaltzera, berotzeari utzi ziezaioten. Arazo horiekin amaitu zuen aparailua patentatu genuen eta Madrilen aurkeztu genuen, Orklirekin batera. Orklik patentea erosi zigun. Aparailuak 19 abantaila ditu. Deustuko Unibertsitatean, bere berri izan zutenean, hitzaldia emateko deitu ziguten.
Sukaldeekin lan egiten jarraitzen duzue.
Nire semeak biomasak eta sukaldeek etorkizuna zutela ikusi zuen eta berriro sukaldeekin lanean hasi ginen. Lohberger marka austriarraren banatzaileak gara, Espainian eta Portugalen. Egurrarekin lan egiten duten sukalde berogailuak dira. Egurrarekin eta pelletarekin dabilen sukalde bakarra dugu. Telefonoarekin piztu daiteke eta matxura bat duenean ekoizleari eta guri abisatzen digu, gainera. Egurra erregai merkeena da. Sukalde horiek saltzeaz eta instalatzeaz gain, beste instalatzaile batzuentzako aholkulari lana egiten dugu. Katalunian, Kantabrian, Errioxan, Burgosen, Valladoliden… egon gara.
Duela 30 urte berriro egurrezko sukaldeak ikusiko genituela esan baligute…
Horretara itzultzen ari gara. Austriako sukalde horiekin egurra ia erabat gasifikatzen da, baina egurra gasifikatzen duten galdarak ere baditugu. Erosoak dira, egunean behin egurra botatzearekin nahikoa baita. Geotermia eta aerotermia lantzen ditugu, eguzki energia termiko instalazio asko egin ditugu Gipuzkoan zehar (100 baino gehiago), pellet sukaldeak eta pellet estufak ditugu, eguzki energia fotovoltaikoarekin hasi gara… Energia berriztagarriekin lan egiten dugu, ia erabat.
Gasa geroz eta garestiagoa da, neguan eskasia egon daitekeela diote… Horrek zuen lanean eragina izan al du?
Gure egur eta pellet sukaldeak arrakasta handia izaten ari dira. Hornikuntza arazoak ditugu, Alemanian eta Austrian asko saltzen ari direlako. Hemen ere eskari handia dago. Jendea beldurtzen ari da eta saretik deskonektatu nahi du. Baserri batean eguzki energia termikoa eta biomasa instalatu genituen eta orain eguzki energia fotovoltaikoa eskatu digute. Burujabea izan bazaitezke, zergatik ez izan?
Eguzki energia termikoaren aldeko apustua irmoa al da?
Eusko Jaurlaritza eguzki energia termiko instalazioak diruz laguntzen ari da, baina instalatzaile batzuk ez diote sistema hori eskaintzen jendeari. Ez dakit zergatik.
Eguzki plakak etxebizitza askoko eraikinetan ere jarri al daitezke?
Inongo arazorik gabe. Bizilagun bakoitzak erabiltzen duen ura ordaintzea ahalbidetzen duten sistemak daude.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Aerotermia eta fotovoltaikoa dira etorkizuna. Pelleta eta biomasa erabili behar ditugu gure mendiak garbi mantentzeko. Egurra galtzen uzten ari garen aberastasun iturria da. Egur eskaria balego, mendiak garbitu egingo lirateke eta ekonomia zirkularra bultzatuko genuke. Egun gasa erosteko erabiltzen dugun dirua, egurra erosteko erabiliko genuke. Diru hori ez litzateke Aljeriara edo Errusiara joango eta hemen aberastasuna sortuko genuke. Lanpostuak sortuko genituzke. Hemen dugun egur pilarekin, beste herrialde batzuen menpe egoteak ez du zentzurik. Eta mendiak erretzen ari zaizkigu! Suteekin, energia iturri hori galtzen ari gara. Karbono dioxidoa isurtzen dugu, energia aprobetxatu gabe. Gainera, banda marroia dela eta, ez dakigu zer egin pinu egurrarekin. Egur hori erregai bikaina da! Pelleta edo su-egurra egiteko erabili daiteke! Mendiak erretzen ari zaizkigu eta, aldi berean, jende askok neguan hotza pasako du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak egurrezko sukalde eta galdarei diru laguntzak kendu dizkiela salatu nahi dut. Ez dakit zergatik. Gipuzkoan, baserrien %99a egurrarekin berotzen dira.
Zure lanbidea gustuko duzu.
Lanetik etxera gustura itzultzea dirua bezain garrantzitsua da. Zorionez, nire seme Jose Manuelek eta nire alaba Dianak negozioarekin jarraitu dute eta beraiei ere asko gustatzen zaie lan hau. Nik erretiroa hartu nuen, baina ferietara joatea gustatzen zait.