Jesulagunek Amerikako Estatu Batuetan eta Puerto Ricon dituzten komunitateetako 24 lagun Zumarragan izan dira, Inaziotar Bidean erromes.
Jesulagunek Amerikako Estatu Batuetan eta Puerto Ricon dituzten komunitateetako 24 lagunek Zumarraga bisitatu dute. 24 pertsona hauek Inaziotar Bidea egiten ari dira eta Zumarragan geldialdia egin dute, Antioko baseliza bisitatzeko.
Amerikatik etorritako erromesak Fermin Lopetegi zumarragarrarekin eta bere seme Aitorrekin egiten ari dira Inaziotar Bidea.
Loiolatik Zumarragara doan lehen etapa amaitzean, erromesek Zumarragan geldialdia egin zuten. Mikel Serrano alkateak oroigarriak oparitu zizkien: Antioko baselizako litografiak eta intsigniak. Ondoren, interpretazio zentroa eta baseliza bisitatu zituzten.
Loiolatik Manresara
Inaziotar Bidea Loiolako Inaziok Loiolatik Manresara egin zuena da. 1522an joan zen bere jaiotetxetik Kataluniara. Ondoren, Jerusalamera joan zen. Inaziotar Bidea Errioxatik eta Aragoitik pasatzen da Kataluniara iritsi aurretik.
Inaziotar Bideak ez du Donejakue Bidearen ospea eta erakundeak bide hau ezagutzera emateko ahalegina egiten ari dira. Urtetik urtera, geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen ditu eta geroz eta gehiago dira bide hau egiten duten erromesak. Lopetegi zumarragarra izan zen Loiolatik Manresara joaten lehenengotakoa eta inork ez du berak bezainbeste aldiz egin bide hau.