Sahararren kanpalekuetan bizi da mutil gaztea. Oporrak Bakean programaren bitartez ekarri dute urretxuar familia baten etxera. Hemen, behar duen osasun tratamendua emango diote
Urretxuko Remi Garciaren eta Jose Gajeteren etxean dagoen Brahim da aurten Oporrak Bakean programaren bidez Goierri garaira iritsi den saharar gazte bakarra. Hilabete pasako egonaldia egingo du hemen, basamortuan dutena baino elikadura hobeaz eta klima samurragoaz gozatu ondoren osasuntsuago itzultzeko helburuarekin.
Horixe da, hilabete eta aste batekoa, aurtengo elkartasun egonaldi hauen iraupena, COVID eta hainbat faktore gehiagoren eraginez beste urteetan baino laburragoa. Baina litekeena da Brahimek denbora gehiago egitea hemen. Izan ere, osasun arazo bat du, eta medikuek jarritako tratamenduagatik eta seguruenik Zumarragako ospitalean egingo dioten ebakuntza txiki batetik sendatu arte Urretxun geratuko da, bere benetazko familiak baimena ematen badu.
Brahim 12 urteko sahararra da, eta Argeleko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi da, bere senitartekoekin. Baina uda honetan ordezko familia bat izango du, Urretxuko Remik eta Josek osatutakoa. Berotasunaz eta maitasunaz gain, han sendatu ezin duen gaixotasuna arintzeko edo sendatzeko aukera ere eskainiko diote gainera.
Familien arteko harremana
Brahim aurretik ezagutzen zuten Remik eta Josek, urte asko daramatzatelako Oporrak Bakean programan parte hartzen eta Goierri garaian lan egiten duen Hare Haizea elkartean laguntzen. Brahimen bi arreba zaharragoak izan dira aurreko udetan urretxuar familia honen etxean, eta haiei egindako bisitetan ezagutu zuten Brahin. Izan ere, hango familiekin sortzen diren harremanak ez dira apurtzen, eta telefonoz bakarrik ez, ahal dutenean ere bertara joaten dira bisitan, laguntasunez beteta. Brahimen arreba zaharrena ama da dagoeneko, eta «Saharako amona bat naiz» dio Remik.
Mediku kontsultaz kontsulta ibili da lehen egunetan Saharako mutikoa, baina bestelako jarduera batzuetarako aukera ere izan du. Legazpin bizi den saharar familia bateko haurrekin elkartu da behin baino gehiagotan jolaserako, eta igerilekua, hondartza edo mendia ere datozen egunetako planen artean daude.
Zumaragako udalari esker
Brahimen egonaldia Zumarragako Udalaren laguntzarik gabe ez litzatekeela posible izango nabarmendu dute Remik eta Josek. Hare Haizea elkartearen bidez ekarri dute, «baina Zumarragako Udalaren diru laguntza- ri esker».
Aurten, COVID-ak eta Espainia eta Argelen arteko tirabirek eragina izan dute Oporrak Bakean programan, eta Goierri garaira gazte bakarra etorri da. Etorkizunean gehiago ekartzeko asmoa du Hare Haizeak, baina horretarako laguntzaileak beharko ditu, eta deialdia egin diete lagundu nahi duten guztiei.