Iraeta estankoko Txarli loroak bi urte baino gutxiago daramatza Zumarragan, baina herrian urte asko daramatzaten batzuk baino euskara gehiago ikasi du. 'Ikusi mendizaleak' kanta txistukatzen ere badaki.
Loroek maiztasunez entzuten dituzten hitzak errepikatzen dituzte. Iraeta estankoko loroa familia euskaldun batean bizi da eta, hala, euskarazko hitzak esaten ditu. Ikusi mendizaleak kanta eta Ona, itsusia eta gaiztoa pelikulako melodia ezaguna txistukatzen ere badaki.
Jesus Mari Iraeta Poxpolo da Txarliren nagusia. «Kanario bat dut eta Bapri txori-dendara joan nintzen batean, Txarli ondoan jarri zitzaidan eta hankarekin jotzen hasi zen. Hala, etxera ekartzea erabaki nuen. 2020ko azaroa zen».
Txarli primeran bizi da. «Erostea erabaki nuenean, kaiola arrunta erakutsi zidaten. Pena eman zidan eta berehala kaiola handiago bat erosi nion. Hanka lotuta edukitzen du, baina ez du barroterik. Egunean zortzi ordu ematen ditu estankoan. Zortzietan libre uzten dut: estanko aurreko bankura ateratzen da, udaletxe atzeko parkera ibiltzera eramaten dut… Lotuta ateratzen dut, alde egiten badute ez baitakite itzultzen. Amaren etxera ere eramaten dut, han eguzkiak jotzen baitu. Nire etxean libre ibiltzen da, baina toki batzuetan ibiltzea debekatuta du eta erratzarekin uxatzen dut. 5 urtekohaur baten mentalitatea dute: zigarroak lapurtzen dizkit, bazkaltzen ari naizenean koilara kentzen dit… Adarra jotzen ibiltzen da beti».
Jende artean egoten den arren, ez da oso lagunkoia. «Estankoan egoten diren ilobei ez die hurbiltzen uzten. Nagusi bakarra onartzen dute. Pertsona bakar bati uzten diote ukitzen».
Afrikarra da. Horiek dira gehien hitz egiten dutenak. «Ni ez naiz hitzak irakasten saiatu. Entzuten duena esaten du. Euskalduna dela esan dezakegu. Poliki eta oso ondo hitzak, niri entzunda ikasi ditu. Egun on ere egunero esaten dit. Ondoloin ere egunero esaten diot, baina hori ez du ikasi. Estankoko bezero askok guapo esaten diote eta hori berehala ikasi zuen. Ahots indartsua duen gizon batek buenas tardes esaten du estankoan sartzen denean eta Txarlik bere ahotsarekin erantzuten dio».
Abestea ere gustatzen zaio. «Nire iloba Mikelek Ona, itsusia eta gaiztoa pelikulako melodia irakatsi zion. Egun bakar batean ikasi zuen, 10-15 aldiz errepikatu ondoren. Ikusi mendizaleak kanta ere txistukatzen du», azaldu du Iraetak.
Bezeroek primeran pasatzen dute Txarlirekin, noski. «Batzuk Txarli ikustera bakarrik etortzen dira. Haur asko etortzen dira. Batzuk kaixo Txarli eta agur Txarli esaten dute, gu existituko ez bagina bezala…», dio txantxetan.
Pasadizoak
Hamaika pasadizo ditu kontatzeko. «Askotan isilik egoten da, baina hitzen bat esaten duenean grazia egiten dizu. Behin gizon batek tabakoa eskatu zuen eta Txarlik isilik! esan zion. Gizonak erantzun egin zion eta Txarlik isilik! esaten zion behin eta berriro».
Hiztuna izateaz gain, mokofina da. «Zerbait nahi ez badu, bota egiten du. Badaki ezetz esaten. Oso burugogorra da. Haserretzen denean, argi eta garbi uzten du haserre dagoela. Noizbehinka Artinata galleta bat ematen nion. Behin marka zuriko galletak erosi nizkion eta bota egin zituen. Originala nahi zuen! Marka zurikoak ez zituen ikusi ere egin nahi. Normalean, pentsua eta fruta jaten du: sagarra, gerezia, granada…».