Santa Anastasia jaien eta Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldiak antolatu dituzte Urretxun. Zumarragan, berriz, Pertsona Nagusien Astea egingo dute.
Urretxuko eta Zumarragako udalek adineko pertsonentzako ekitaldiak antolatu dituzte datozen asteetarako, Urretxuko Santa Anastasia jaien eta Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren inguruan.
Urretxun, Adineko Pertsonen Eguna ospatuko dute irailaren 11n. 11:30ean udal korporazioak eguneko zentroa bisitatuko du. Ondoren, 12:15ean, adineko pertsonak eta korporazioa Aterpe jubilatuen etxean elkartuko dira eta bertaratutako edadetuenak omenduko dituzte. Ondoren, Lizarriturri txistulari taldeak lagundurik, elizara joango dira. 12:30ean meza egingo dute. Ondoren, bertaratutako adineko pertsonei argazkia aterako zaie eta Lurra taldeak dantza saioa egingo du Iparragirre plazan.
14:15ean bazkaria egingo dute Ederrena pilotalekuan. Bazkalondoan dantza lehiaketa eta animazio ekintzak egingo dituzte, Urtzi Azkueren eskutik. Bazkarirako txartelak udaletxeko Gizarte Zerbitzuetako bulegoan jaso behar dira, gaur, bihar eta etzi, 09:00etatik 13:00etara.
Urretxuko Adineko Pertsonen Jardunaldiekin bukatzeko, irailaren 30ean Gazte Izana Gazte Bidean ekitaldia egingo dute Gazte Bidean lokalean eta Iparragirre plazan. 17:30ean belaunaldien arteko elkartrukea egingo dute: bere garaian gazteak izandakoek eta gazteak izateko bidean daudenek elkar ezagutuko dute. Ondoren, afari-merienda egingo dute.
Zumarragako ekitaldiak
Zumarragan, berriz, Pertsona Nagusien Astea antolatu dute. Irailaren 26an Zumarragaren bilakaerari buruzko argazki erakusketa irekiko dute Zelai Arizti kultur etxean. Inaugurazioa 12:00etan izango da. Erakusketa urriaren 1a arte egongo da zabalik. Egun berean, Marta Garcia-Jalon Zumarragako notarioak herentziei eta oinordetzei buruzko hitzaldia egingo du. 17:00etan izango da, kultur etxean.
Biharamunean bi ekitaldi egongo dira: 11:30ean Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak izeneko tailerra emango dute KZgunean eta 17:00etan Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak Zahartu arrakastaz hitzaldia egingo du kultur etxean.
Irailaren 28an hiru ekitaldi egongo dira: 10:30ean paseoa egingo dute eta futbol zelaiko parkeko makinetan gimnasia saioa egingo dute, 17:00etan Zumarragaren etorkizunari buruzko tailerra egingo dute kultur etxean eta 19:30ean 100 dias con la tata pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Ondoren, solasaldia egingo dute filmaren arduradunekin.
Irailaren 29an bi hitzaldi egingo dira: 10:30ean Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideei buruzkoa eta 17:30ean galeren ingurukoa. Bi hitzaldiak kultur etxean izango dira.
Irailaren 30ean gimnasia egingo dute Zelai Arizti pilotalekuan. Saioa 09:30ean hasiko da. Bukatzeko, urriaren 1ean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Ekitaldi ofiziala 12:00etan izango da.