Ispilla kiroldegian hobekuntzak egin dituzte ikasturte berriari begira. Igerilekua garbitu dute eta sarbideetako paretak margotu dituzte. Gainera, ikastaro gehiago egongo dira.
Bi urteko etenaren ondoren, berriz helduko diote Idiazabalen garagardo festari. Bihartik igandera arte 18. Idiazabalgo garagardo festa ospatuko da eskolako kiroldegian, Izalgo areto futbol taldeak antolatuta. Aurreko urteetan bezala, garagardo mota ezberdinak jarriko dituzte salgai. Ostiralean eta larunbatean, musika emanaldiak ere egongo dira gaueko giroa alaitzeko.
2002. urtean antolatu zuen Izalgo areto futbolak lehenengo aldiz Idiazabalgo garagardo festa, taldeko urte osoko aurrekontuko zati bat estaltzeko eta gastuei aurre egiteko. Hasierako 14 urteetan, Igarondo pilotalekuan izan zen azoka, eta 2016tik kiroldegian izaten da. Bihar, ostiralean zein larunbatean 18:00etan hasiko da festa.
Herrialde ezberdinetako 14 garagardo mota egongo dira salgai. Edanaz gain, jana ere egongo da: oilasko hegoak, patata tortilla, patata minak, kroketak, hirugiharra, xolomoa, ukondoa, saltxitxa, postrea eta kafea.
Gauean, kontzertuak
Azkeneko aldian, 2019an, herritar asko bildu ziren kiroldegian festaz gozatzera. Bi urte garagardo festarik gabe egon ondoren, asteburu honetan ere jendeak festa giroan gozatzea espero da, garagardo, ukondo eta lagun artean. Musika emanaldiak ere izango dituzte bertaratzen direnek. Ostiralean, gauerdian, The Frankys taldeak kontzertua emango du, eta ondoren DJ Mitok alaituko du giroa.
Larunbatean, aldiz, 21:00etan, Andoni Ollokiegi abeslariaren emanaldia izango da, eta disko jartzailearen txanda izango da gero, 01:00etatik aurrera, festa amaitu arte.