Jaca-Arrizabalaga sendiak 13 urte daramatza Antonio Arrizabalagaren gorpuzkiak Erorien Haranetik etxera ekartzeko lanean. Hurrengo pausoa Europako Batzordera jotzea izango da.
Antonio Arrizabalaga zumarragarra 1936ko gerran hil zen. Bere familiak gorpuzkiak Zaragozan (Aragoi, Espainia) zeudela uste zuen, baina halako batean Erorien Haranean zeudela jakin zuten. 2009an gorpuzkiak berreskuratzeko borroka hasi zuten. 13 urte hauetan hamaika oztopo jarri dizkiete. Azkena, El Escorialeko (Madrid, Espainia) alkateak: Erorien Haranean lanak egiteko baimena ez berritzea erabaki du. Iñigo Jacak, Arrizabalagaren ilobak, orain arte egindako lanari eta etorkizunari buruz hitz egin du.
Arrizabalaga trenbideetako langilea zen. Gerra hasi zenean, sozialisten Amuategi batailoiarekin joan zen. «Gure ama berarekin joan zen. Ama bere arreba bakarra zen eta frankistak herrira heltzen zirenean amari zer edo zer egingo zioten beldur zen. Amak Zallaraino jarraitu zuen. Bertan, elkar agurtu zuten. 1937ko uztailean gaixo edo zaurituta zegoela jakin dugu. Irailean, Santanderren, preso hartu eta Zaragozara eraman zituzten. Handik bi hilabetera hil zen, Zaragozan bertan. Bere gorpuzkiak bertan zeudela uste genuen eta, hala, gure gurasoak Zaragozara joan ziren eztei-bidaian».
Duela urte batzuk beste bertsio baten berri izan zuten, ordea. «Iñaki Egañak anarkista zela eta 1938ko urtarrilean fusilatu zutela aipatu zuen. Ikertzen hasi ginen eta heriotza agiria eskuratu genuen. Bertan, Zaragozan hil zela jartzen du, sukar tifoideen ondorioz. Afari batean, lagun batek Zaragozan lurperatutako batzuk Erorien Haranera eraman zituztela aipatu zuen eta nire osabaren kasua ikertuko zuela aipatu zuen. Hala, bertan dagoela jakin genuen. Horrek zur eta lur utzi gintuen».
Lapeña anaiak
Berehala gorpuzkiak berreskuratzeko lanak hasi zituzten. «Dokumentazioa bidali genuen, baina ez ziguten kasurik egin». 2018an berriro ekin zioten lanari. «Epaile batek Lapeña anaien gorpuzkiak beraien senitartekoei ematea agindu zuen eta horrek lanean jarraitzera animatu gintuen. Eraman genituen ia agiri guztiak atzera bota zizkiguten. Ondare Nazionala erakundean garai bateko jende asko dago eta oso jarrera txarra erakutsi zuten. Azkenean eskaera erregistratzea lortu genuen, baina ez genuen erantzunik jaso. Beneditarren buruari ere idatzi bat igorri nion. Gurekin egiten ari zirena ez zela bidezkoa esan zuen, baina ez zuen ezer gehiago egin. Errepublikanoen gorpuzkiak berreskuratzeko elkartearekin ere harremanetan jarri ginen. Erorien Harana bisitatzera gonbidatu gintuzten. Gure osaba dagoen tokian kutxa guztiak ondo daudela ikusi genuen». Bisita hunkigarria izan zela dio. «Eraikinak zirrara sorrarazten du. Itukinak ditu. Noiz arte iraungo du?».
Estatuak, Erorien Haranera bisita antolatzeaz gain, Arrizabalaga frankismoaren biktima zela onartu zuen. «Baina ez dute Lapeña kasuko sententzia bete. Hori dela eta, Europara jo genuen. Herritarren Defendatzaileak Europako oinarrizko eskubideen gutuna hausten ari direla onartu zuen, baina hori betetzea Estatuen esku dagoela esan zigun eta Europako Batzordera jotzea gomendatu zigun. Batzordeari gorpuzkiak exhumatzeko eskubidea onartzeko eskatu genion eta 2020ko azaroan 104 familien eskubidea onartu zuen. Hala, exhumazioak egiteko aurrekontua onartu zen. Arazoak sortu zitezkeela, baina ahalegina egingo zutela esan ziguten. Gure osabaren gorpuzkiak agiriek dioten tokian ez egotea gerta daiteke, baina bertaraino heltzea besterik ez dugu eskatzen».
Oztopoak
Zenbait jende aurka dute, ordea. «Frankista talde batek Asociacion por la Reconciliacion y Verdad Historica izeneko elkartea sortu zuen eta helegitea aurkeztu zuen, beraien senitartekoen gorpuzkiei kalte egingo geniela esanez. Baina elkarte horretako kideak ez dira hildakoen senitartekoak eta lanak ondo prestatutako profesionalek egingo dituzte, gainera. Epaitegiak obrak gelditu zituen, ordea, epaia heldu arte. Estatuko abokatutzak eskatuta, Madrilgo Auzitegi Nagusiak kautelazko neurria bertan behera utzi zuen. Hala, obra hasi beharra zegoen. Baina obra egiteko baimena iraungi egin da eta El Escorialeko alkateak ez du berritu nahi, aipatutako elkarteak Madrilgo Auzitegi Nagusiaren erabakia Auzitegi Gorenera eraman duelako. Familia bakoitzak alkateari gutun bana bidali diogu. Eskubidea onartu digutela gogorarazi diogu eta helegite bati eskubide bati baino garrantzi handiagoa ematea ez dugula ulertzen aipatu diogu. Helegiteak prozesua lauzpabost urte atzeratu dezake».
Horren aurrean, Europako Batzordera joko dute berriro. «Europako Batzordeak Turkiari zipretarren gorpuzkiak exhumatzeko eskatu zion eta guk Estatu espainiarrari gauza berbera eskatzea nahi dugu. Batzordearen eskaera beteko ez balu, Europar Batasuneko Justizia Auzitegira jo genezake eta horren epaia bete egin beharko luke. Horretaz gain, El Escorialeko alkatea epaitegira eramango dugu, prebarikatzen ari dela uste baitugu. Ez dugu fede handirik, Espainiako epaile asko egun batetik bestera frankistak izatetik demokratak izatera pasa baitziren eta ondoren beraien sokakoak jarri baitzituzten».
Zumarragara
Osabaren gorpuzkiak eskuratzen dituztenean, Zumarragako hilerrira eramango dituzte, familiaren panteoira. «Ez dugu monolitorik eta halakorik nahi. Gauza batek sutzen gaitu bereziki: gorpuzkiak Erorien Haranera eramateko egin ziren exhumazioak legez kanpokoak izan ziren. Egungo agintariak delitu haiek babesten ari dira eta komunikabide askok duten jarrera ere lotsagarria da. Justizia eta erreparazioa nahi ditugu».