ZUbertsotan bertso eskolak martxan jarritako kateak bigarren itzuliari heldu dio Gorka Azkaratek ere, udaldiaren amaierari jarritako bertsoekin.
- Egilea: Gorka Azkarate
- Gaia: Udaldiaren amaiera
- Doinua: Espainian behera
Udazkena jadanik
daukagu gainean,
gozatu degu ahal zen
modu onenean.
Oporraldi garaia
amaitzen denean,
berriro hasi behar
ikasten, lanean…
gurpil zoroa hori
baita azkenean…
Urtean zehar mila
traba eta hesi,
errutinatik joan
nahi degu ihesi.
Nork ez du ba atseden
hartzea merezi?
Horrek egiten baitu
garai hau berezi,
beti ezin delako
oporretan bizi.
Sistemak sartu digu
barruan beldurra,
azken boladan ezer
ez baita ziurra…
Lehen larri genbiltzan ta
halare egurra.
Ondo goza dezagun
falta den apurra,
negua ez da eta
izango samurra…