Larunbatean eta igandean Urretxuko Santa Anastasia jaietako lehen ekitaldiak ospatu dira: larunbatean herri arteko folklore jaialdia eta igandean Adinekoen Eguna. Eguraldi bikaina lagun, ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan dira.
Larunbatean herri arteko folklore jaialdiaren 33. edizioa ospatu zen, Lurra dantza taldearen eskutik. Indiako Shivam Nrutya Cultural Academy taldeak, Grupo Folclorico Costa Ricak, Asociacion Cultural Xeitura de Esteirok (Galizia), Oñatiko Oñatzek eta Urretxuko Lurrak parte hartu zuten.
Goizean folklore azoka egin zuten Gernikako Arbola plazan. Eguerdian taldeei harrera egin zieten udaletxean. Ondoren, munduko dantzak ikasteko aukera egon zen Gernikako Arbola plazan. Arratsaldean folklore jaialdia egin zuten toki berean.
Lurra dantza taldeko Juanlu Elgarresta pozik ageri da. “Oso gustura gaude. Dena primeran joan da: eguraldia, taldeen maila… Arratsaldeko jaialdian jende asko elkartu zen plazan eta gehienek jaialdi osoa ikusi zuten. Izan ere, kontinente ezberdinetako taldeak etorri ziren eta, beraz, dantzak eta jantziak elkarren oso ezberdinak ziren. Oñatikoek ere sekulako ikuskizuna egin zuten”.
Dantzariek ere oso gustura bukatu zuten. “Jaialdiaren ondoren denok elkarrekin afaldu genuen eta kanpotik etorritako taldeetako dantzariak oso gustura zeuden”. Costa Ricakoei taldeek egindako ikuskizuna “bikaina” iruditu zitzaien. “Oso ondo pasa genuen eta oso pozik bukatu genuen”. Galiziarrak ere pozez gainezka itzuli dira etxera. “Merezi izan du. Lurrakoei eskerrak eman nahi dizkiegu, beraien adeitasunagatik eta egindako lan onagatik”.
Hitz horiek datorren urtean ere jaialdia antolatzeko indarra eman diete. Lehenago, igande honetan, Euskal Jaiako desfilean parte hartuko dute. Iruñeko dantzak egingo dituzte. Beti bezala, jantzi berriak estreinatuko dituzte.
Aurreko asteburu honetan, herri arteko folklore jaialdiaz gain, Adineko Pertsonen Eguna ospatu dute Urretxun. Igandean izan zen. Goizean udal korporazioak eguneko zentroa bisitatu zuen, meza egin zuten, Lurra dantza taldeak dantza saioa egin zuen eta taldeko argazkia atera zuten. Ondoren, bazkaria egin zuten. Bazkalostean, dantza lehiaketa egon zen.
Beti bezala, bazkarian parte hartu zuten zaharrenak omendu zituzten. Aurtengo omenduak Cecilia Alvarez Saez (95 urte), Moises Mazmela Iriarte (90 urte) eta Felix Toral Matesanz (85 urte) eta Esperanza de la Torre Medina (91 urte) senar-emazteak dira. Bazkarian 145 lagunek parte hartu zuten.
Maialen Fidalgo zinegotzia gustura ageri da. “Asteburua oso ondo joan da. Jende askok parte hartu du antolatutako ekitaldietan. Beste urte batzuetan folklore jaialdia kiroldegian egin da. Aurten aire librean egin dugu eta jende asko elkartu da”.
Ostiraletik aurrera jaietako ekitaldi nagusiak ospatuko dira. Pregoia eta txupinazoa 20:30ean izango dira. Aspace elkartekoek irakurriko dute pregoia.