Konfinamendu garaian hamaika ekintza egin ziren balkoietan. Urretxu eta Zumarragan Sorgintzulo 1 eta 2koak izan ziren aktiboenak: prozesioa, globo askatzea, elegante eguna, mozorro festa eta bingoa egin zituzten, besteak beste. Aitor Mendiaraz bizilagunak ekitaldi guztien argazkiak atera zituen. Larunbatean festa egin zuten, argazkien inguruan. Mendiarazek prestatutako ikus-entzunezkoa ikusi zuten (Tirapuren laguntzarekin) eta afaria egin zuten. Txahal bat erre zuten eta dantzaldia ere egin zuten. Musika Dima Segurak jarri zuen.
Bizilagunek ekintza haiek guztiek konfinamendua eramangarriagoa egin zutela eta beraien arteko harremana sendotzeko balio izan zutela esan dute.