David Elgeak Zumarragako kultur etxean ireki duen argazki erakusketan naturak gizakiaren lanarekin nola jolasten duen ikus daiteke, baina artistaren eta ikuslearen arteko jolas bat ere bada. Erreportaje honetan argitu ezin den jolasa. Bertara joan behar da bere berri izateko. Erakusketa hilaren 30a arte egongo da zabalik.
Elgea 1970ean jaio zen Urretxun. Arte Ederrak ikasi zuen Leioan. «Margolanak egiten hasi nintzen, baina argazki munduan amaitu nuen. Urte asko daramatzat Teks seriean lanean. Nire lanak Zumarragan, Donostiako Kur eta Arteztu galerietan eta Zarauzko Photomuseum-en erakutsi ditut, besteak beste. Bestalde, nire argazki bat Donostiako Kursaal jauregiko Focus erakusketan erakutsi zen».
Zumarragako Teks erakusketan paisaien argazkiak ikus daitezke. «Erakusketan paisaia naturalak ageri dira: arroilak, basamortuak… Naturak gizakien egintzekin egiten duena ikus daiteke: hareak estalitako hondakinak, lantegi abandonatuak… Erakusketa hau hondakinen edertasunaren ingurukoa da. Hondakinen edertasunak artearen historian tradizio handia du».
Gizakiaren eta naturaren arteko harremana du ardatz. «Gizakiaren eta naturaren artean, kulturaren eta naturaren artean, gatazka egon da beti. Egungo gizartean asko hitz egiten da gizakiak naturan duen eraginaz, naturaren suntsipenaz… Nik, ordea, kontrakoa erakusten dut: naturak gizakiaren egintzekin egiten duena. Kulturak suntsitutako natura erakutsi ordez, naturak suntsitutako kultura erakusten dut. Ez dut natura idilikoa erakusten, naturak egiten dituen triskantzak baizik».
Erakusketa, horretaz guztiaz gain, jolas bat ere bada. «Ezin dut horren inguruko gauza handirik esan, jolasa zapuztuko bainuke. Gauza bakarra esango dut: argazkiak egiten dituen margolaria naiz. Argazkietan margolana ere badago. Ikusleari bere pertzepzioarekin jolastea proposatzen diot. Argazkiek horrekin jolasten dute. Irudi ederrak egitea gustatzen zait, baina nire lanek irakurketa gehiago izatea nahi dut. Ez dut edertasuna soilik bilatzen. Ikusleek argazkiekin jolastea eta bigarren irakurketa bat egitea nahi dut».
Elgeak testu bat jarri du erakusketaren amaieran. Bertan, jolasaren nondik norakoak argitzen dira.