Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladak (UZGA) Gazte Eguna antolatu dute larunbaterako. 07:00etatik aurrera Skapaie Azpeitiko elektrotxarangak goiza girotuko du. Bazkalostean, 16:00etan, boleibol txapelketa jokatuko da gaztetxean. Ondoren, 19:00etan, Ider taldeak joko du: Maider Amado eta Eider Cerezo herrikideak. Boleibol txapelketako izen ematea irekita dago, lauko taldeak osatu behar dira eta partida motzak izango dira. GKS Goierri edo UZGAren sare sozialen bidez edo bertako kideei esanda apuntatu behar da.
Bukatzeko, “jaietan ere ez baita dena festa”, GKSkoek jai giroko lanen gaiari heldu diote. “Aldi motz baterakoak, gutxi ordainduak edo beltzean izaten dira maiz lan horiek, eta gazteak babesgabe eta baldintzak onartzera behartuak izaten dira askotan”, aipatu dute. Hori dela eta, Bategin Langile Autodefentsa Sarearekin batera, informazioa zabaldu eta egoera horren aurka egiteko kanpaina abiatu dute. Egoera horretan dauden gazteentzako aholkuak eta dituzten eskubideak jakinarazteko kartel bat prestatu dituzte eta eskuorriak banatzen ariko dira festetan zehar. Gainera, Gazte Egunean gaztetxean mahai informatibo bat jarriko dute eta bertan zuzenbidean aditua den kide batek bertaratzen direnen zalantzak argitu ditu eta gomendioak emango dizkie.