Santa Anastasia jaiak bihar hasiko dira. Larunbatean Reincidentes taldeak joko du eta igandean Huntzak. Kantu afarikoek Andoni Ollokiegi gonbidatu dute.
John Toshack entrenatzaileak Realak denboraldia Kontxako estropadaren ondoren hasten duela esaten zuen. Urretxun ikasturtea Santa Anastasia jaien ondoren hasten da. Izan ere, urretxuarrek asko maite dituzte santanastasiak eta iraila jaiak buruan ematen dute. Aurten, are gehiago, aurreko bi urteetan ezin izan baitituzte jaiak ospatu. Hala, aurten inoiz baino gogo handiagoz ospatuko dituzte. Festa gose dira eta hori kalean nabari da. Jaien aurkezpen ekitaldian ere nabarmen gelditu da.
Urteroko moduan, jaiak udaletxeko areto nagusian aurkeztu ziren eta Jai batzordeko kideetako batzuk parte hartu zuten. Aurkezpenean, Aspace elkarteko, Lurra dantza taldeko, Lizarriturri txistulari elkarteko, Iparragirre Balerdi musika tailerreko, Lekaio erraldoi eta buruhandi konpartsako, Urretxu-Zumarraga herri kirol elkarteko, Argazkia elkarteko, Gazte Bideaneko eta karrozeroen taldeko ordezkariek parte hartu zuten; Maialen Fidalgo zinegotziarekin batera.
Fidalgok azkeneko Santa Anastasia jaietatik hiru urte pasa direla gogoratu zuen. «2020ko eta 2021eko irailean ekitaldiak antolatu ditugu jaien izpiritua mantentzeko eta parte hartzea prozesuekin eta bilerekin jarraitu dugu. Bilera horietan parte hartu zutenei eskerrak eman nahi dizkiet, jaiak ospatu ahal izango ziren jakin gabe bileretan parte hartu baitzuten. Meritu bikoitza dute».
Horretaz gain, indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaldu zuen. «Jaietan indarkeria matxista kasu gehiago ematen dira. Baina denok dugu jaiez gozatzeko eskubidea. Inork ez du beldurrez ibili beharrik».
Jaietako egitarauan Urretxuko Udalak indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko aldarria egin du eta indarkeriaren lekukoentzako eta erasotuentzako gomendioak zabaldu ditu.
Elkarteetako ordezkariek zein ekitalditan parte hartuko duten azaldu zuten. Aspacekoek pregoia irakurriko dute eta Jai batzordeari eskerrak eman zizkioten beraiek aukeratu izanagatik.
Txistulariek ostiralean kalejira egingo dute, larunbaterako txistu kontzertua antolatu dute eta igandean Euskal Jaian parte hartuko dute. Aurtengo txistulari kontzertuan Nafarroako ereserkia joko dute, Amaiur gazteluko borrokaren 500. urteurrena dela eta. Horretaz gain, Edurne Iturbe urretxuarraren pieza bat joko dute eta Jose Mari Lasa gogoratuko dute, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Zaramaren eta Zea Maysen bina kanta ere joko dituzte.
Musika bandari dagokionez, ostiral arratsaldean kalejira egingo dute eta astelehen arratsaldean dantzaldia. Bandako ordezkariak herritarrak bi emanaldi horietan parte hartzera animatu zituen.
Erraldoi eta buruhandi konpartsak ostiral arratsaldean ibilaldia egingo du. Igande eguerrdian kalejira egingo dute eta arratsaldean karrozen ibilaldian parte hartuko dute.
Herri kirolei dagokienez, larunbatean idi probak egongo dira. Asier Izagirre (Ipeñarrieta), Iker Zubillaga (Igeldo) eta Jose Ignazio Soraluze (Korta jatetxea) parte hartuko dute. Astelehen arratsalderako, berriz, kuadrillen arteko sokatira lehiaketa antolatu dute. Lehen hiru taldeentzat sariak egongo dira: 150 euro eta garaikurra, 100 euro eta 50 euro. Pisaketa eta izen-ematea 12:30ean izango da, Ederrena pilotalekuan.
Nerabeak
Gazte Bideaneko nerabeek ere jaietan parte hartuko dute, noski. Igandean txorizoa eta salda banatuko dizkiete karrozeroei. Astelehen goizean, berriz, zezentxoetara joango dira. Aurten zezentxoak eta poniak Elizalde auzoko plazatxoan izango dira, elizaren atzealdean.
Argazkia elkarteak argazki lehiaketa antolatu du jaietarako. Adin guztietako pertsonek parte har dezakete. Elkarteko ordezkariak herritar guztiak parte hartzera animatu zituen.