Gaur goizean Zelai Arizti aretoko udazkeneko programazioa aurkeztu dute. Aipatzekoa da Eñaut Elorrietak disko berria Zumarragan aurkeztuko duela, azaroaren 25ean. Jon Maiak, berriz, Kantu bat gara diskoko kantak abestuko ditu abenduaren 30ean. Lehenago, urriaren 21ean, Noa&Hell Drinkers blues taldeak joko du. Kontzertu hau 20:15ean izango da. Kontzertuetako sarrerek 10 euro balio dute eta hilaren 23an jarriko dira salgai, aretoko takilan, makinan eta online.
Aipatzekoa da ere Coldplay taldeak urriaren 29an Argentinan egingo duen kontzertua zuzenean ikusi ahal izango dela. 16:30ean izango da. 20:00etan berriro emango dute. Kontzertu hau oso areto gutxitan ikusi ahal izango da. Gipuzkoan, Donostian, Errenterian eta Zumarragan bakarrik.
Zine emanaldiei dagokienez, asteburu honetan El Test eta DC Supermaskoten liga pelikulak emango dituzte. Iraileko azken asteburuan Modelo 77 emango dute.
Urriaren 8an, 9an eta 10ean El vasco emango dute. Komedia honetako protagonista (Mikel) Euskal Herriaz nazkatuta Argentinara doan euskaldun bat da. Bertako euskal komunitatea Euskal Herrian sekula egon ez diren lagunek osatzen dute, Euskal Herria idealizatuta dute eta Mikel besoak zabalik hartuko dute. Urriaren 10eko emanaldian Joseba Usabiaga aktoreak (pelikulako Mikel) parte hartuko du. Zine komertzialaz gain, zineklub emanaldiak egongo dira, noski.
Gainera, hilero gai bati lotutako pelikula bat eta dokumental bat emango dituzte. Hilaren 21ean, alzheimerraren eguna dela eta, Siempre Alice pelikula emango dute. Eta hilaren 29an Elkanoren bidaiaren 500. urteurreneko dokumentala ikusteko aukera egongo da. Urriko pelikula ingurumenari buruzkoa izango da eta dokumentala Labordeta abeslari eta politikariari buruzkoa. Dokumental eta pelikula hauetako sarrerak 3 euro balio du.
Opera emanaldiak ere egongo dira. Lehenengoa datorren ostegunean izango da, 20:15ean. Madama Butterfly opera ikusteko aukera egongo da. Sarrerak dagoeneko salgai daude. Operaren lagunek hamar emanaldi antolatu dituzte guztira, bat hileko.