Hogei minutuan 47 plaza osatu dituzte Asier eta Ander Izagirre aita-semeen idiek. Egoitz Armaolea geratu da bigarren –eguerdian tira du, Kortak bezalaxe–, plaza bat gutxiagorekoin. Bertako lau uztarriak sailkatu dira hurrengo kanporaketara, Aranberrik ezin izan baitu parte hartu.

Urretxuko probalekuan gaur jokatu da Santa Anastasia jaietako idi proba, bi saiotan. Eguerdian Egoitz Armaolearen eta Jose Ignacio Soraluze ‘Korta’-ren idiek tira egin dute, lehenbizi. Marka bikaina ezarri dute Armaolearen abereek, 20 minutuko lanean 46 plaza eginda (28 metro ditu luzean plazak). Kortaren idiek, atzera demara itzulita, 31 plaza eta 5 metro osatu dituzte.
Arratsaldean izan da bigarren ekinaldia. Bertako hiru uztarri ziren tira egitekoak, baina Patxi Aranberri Arkaitzeta-k ezin izan du parte hartu, azken uneko ezusteko ezbehar batengatik. Haren partez Telleria lasartearra gonbidatu dute, baina lehiaketatik kanpora.
Santa Lutzitan ebatziko den manta preziatuaren peskizan, arratsaldean Iker Zubillaga Igeldo-k eta Ipeñarrietako Izagirretarrek parte hartu dute. Ezkiotarraren idiek 33 plaza, 2 metro eta 10 zentimetro osatu dituzte. Lehiarako azken partaideak –Telleriaren idiek azkena tiratu dute– Asier eta Ander Izagirre aita-semeak izan dira, eta eguneko marka onena haiek jarri dute: 47 plaza justu.
Ohi bezala, Urretxuko harria erabili dute, 1.850 kilokoa, beste 240 kiloko gainzama batekin.
Urretxun bertako bost uztarri aritzea zen asmoa, eta horietatik lau sailkatzea hurrengo kanporaketarako. Aranberrik ezin izan duenez, lehian izan diren lau uztarriak pasatu dira aurrerako. Zumarragako Buzkantza Egunean tira egingo dute laurek berriro (Ipeñarrietak, Armaoleak, Igeldok eta Kortak), eta orduan egiten dituzten neurriak gaurkoei batuta, hiru onenak sartuko dira Santa Lutzitako finalera, abenduaren 13rako.
Urretxuko probaren sailkapena:
- Ipiñarrieta, 47 plaza
- Armaolea, 46 plaza
- Igeldo, 33 plaza, 2 metro eta 10 zentimetro
- Korta, 31 plaza eta 5 metro
- (lehiaketatik kanpo) Telleria
Argazkiak: Aimar Maiz