Ganadu erakusketa egin dute Santa Anastasia jaietako bigarren eguna hasteko. Sei baserritatik eraman dituzte abelburuak Abenidara. Asmakizun-proba berezia ere antolatu dute.

Santa Anastasia jaien bigarren eguna baserriari keinu bat eginez hasi dute, gaur larunbata, Urretxun. Abelburu erakusketa egin dute, Abenidan. 09:30etik aurrera, sei baserritatik eramandako abereak zuhaitz artean lotuta jarri dituzte, zein baino zein dotoreago.
Ipeñarrieta eta Donardegi baserrietakoek limousin arrazako abelburuak jarri dituzte, Mikel Elgarrestaren eta Ainhoa Izagirreren izenean. Beaingo Milagros Aranbururen alpetar arreak, Agerreko Iñaki Sasietaren frisoiak, Beidakarreko Begoña Izagirreren mestizoak, Iturbebeheko Miren Gurutze Zubeldiaren mestizoak eta Elosietako Juana Alkortaren mestizoak zeuden haiekin batera, ilaran.
Erakusketa ikustera joan direnen gozagarri, asmakizun-proba bat ere jarri dute. Donardegiko zezen ikusgarri bat ipini dute ilararen buru-buruan lehenengo, eta hark zer pisu daukan asmatu behar zuten herritarrek. Zezen puska horrek berreiki Euskadiko Txapelketan bigarren saria eskuratu du, eta Aquitanima lehiaketan ere postu berbera eman zioten, 24-48 hilabeteko abelburuen kategorian.
Argazkiak: Aimar Maiz