Bart amaitu dira Urretxuko Santa Anastasia jaiak, ohi bezala, kantu afariarekin. Antolatzaileek Andoni Ollokiegi gonbidatu dute eta errepertorioa berritu, gazteak erakartzeko, eta oso gustura ageri dira emaitzarekin. Jende askok parte hartu du eta inoiz baino gazte gehiago hurbildu dira. “Jauzi kualitatibo garrantzitsua egin dugu. Orain arte belaunaldi bati begira lan egin dugu eta oraingoan gazteak erakartzeko ahalegina egin dugu. Horretarako, Andoni gonbidatu dugu eta errepertorioa berritu. Andonik asko lagundu digu ekitaldia girotzen eta gazteak erakartzen. Jendeak oso ondo pasa du”, aipatu du Juanlu Aranburuk.
Datozen urteetan aurten hartutako bidetik jarraituko dutela iragarri du. “Kantari gaztetxo asko daude eta horiengana joko dugu. Ez Dok Amairuk sekulako ekarpena egin zuen, baina gazteei ateak irekitzeko garaia da”.
Horra hor Gotzon Aranburuk egindako bideoa.