Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) 'Odolekoak' nobelaren gaztelerazko bertsioa argitaratu du. Liburuaren izenburua 'Vinculos' da eta itzulpena Bego Montoriok egin du.
‘Odolekoak’ nobela duela bi urte argitaratu zenuen. Zer moduzko harrera izan du?
Oso harrera ona izan du, nahiz eta garai zaila suertatu zitzaion. Izan ere, pandemia garaiko Durangoko Azokan aurkeztu genuen. Murrizketak zirela eta, ez nuen Durangoko Azoka hura liburua ezagutzera emateko baliatzerik izan. Zorionez, ahoz ahokoari eta komunikabideen lanari esker, jendearengana heldu da. Ondo saldu da. Azken urtebete honetan irakurle taldeetatik deitu didate eta liburuko istorioa irakurleekin partekatu ahal izan dut. Nobelak bide polita egin du.
Nola suertatu da gaztelerara itzultzeko aukera? Zure ekimena izan al da?
Hasieratik buruan izan dut gaztelerara itzultzeko aukera, baina ez dut horretarako pausorik eman. Ez dut liburua argitaletxe edo editoreei aurkezteko astirik izan. Argitaratu eta gutxira, Consonni argitaletxea nirekin harremanetan jarri zen.
Zer diozu argitaletxe horri buruz?
Consonni Bilboko argitaletxe bat da. Azken urteetan euskaraz idazten duten emakumeen liburuak gaztelerara itzuli ditu. Literatura agente pare bat ere nirekin harremanetan jarri ziren, baina liburua hemengo argitaletxe batekin argitaratu nahi nuen.
Zergatik?
Liburu guztiek beraien kodeak dituzte eta hemendik kanpoko argitaletxe batekin argitaratzeak errezeloa pizten zidan. Madrilgo argitaletxe batekin argitaratzen duzunean, idazle espainiartzat hartzen zaituzte eta nobela espainiartzat hartzen dute. Nik nobela hemen egin dela nabaritzea nahi nuen. Lan bat itzultzen duzunean, beste komunitate batera eta beste kultura batera salto egiten duzu. Beste komunitate horretakoek itzultzen badute, beraien kutsua ematen diote. Ez nuen hori nahi. Nobela euskalduna dela ulertzea nahi nuen. Itzultzea mugak pasatzea da, baina nik muga nabaritzea nahi nuen. Euskaldun batek egin duela eta euskal komunitatetik idatzita dagoela nabaritzea. Liburua Espainiako argitaletxe handi batera eraman izan banu, muga hori desagertu egingo zen. Erabaki guztiak beraiek hartuko lituzkete eta beraientzat nobela espainiar bat izango litzateke. Gibel solasa egin duen Maria Basterosek, adibidez, lehenengo bertsioan nire nobela guztiok behar genuen espainiar nobela dela idatzi zuen. Ez dela espainiar nobela esan nion, baizik eta gaztelerara itzuli den euskal nobela. Komunitate berekoak garelako aukeratu nuen Consonni argitaletxea. Hori dela eta, oso ondo ulertzen dute zer den euskaratik beste edozein hizkuntzatara itzultzea. Hori oso ondo zaintzen dute. Euskal idazle bezala aurkezten zaituzte eta hori kontuan hartzen dute.
Zer diozu Bego Montorio Uribarren itzultzaileari buruz? Ezagutzen al zenuen?
Bilbotarra da eta Ttarttalon lan egiten nuen garaitik ezagutzen dut, hainbat liburu euskaratik gaztelerara itzuli baikenituen. Bizpahiru itzultzaile proposatu zizkidaten eta bera zen egokiena.
Gustura lan egin al duzu berarekin?
Oso gustura aritu gara. Itzultzaile bat eta bi zuzentzaile izan ditut. Hori luxua da. Consonni argitaletxeari eskertu beharrekoa. Koordinatuta lan egin dugu eta, itzulpen lanari esker, euskarazko liburuan egindako akatsez jabetzeko aukera izan dut. Izan ere, itzulpen lan bat egiteko, liburua arreta handiz irakurri beharra duzu. Itzulpen lana oso gogorra da. Euskaraz eraikitako unibertsoa gaztelerara eramatea sekulako lana da. Bego itzulpenaz arduratu da, baina Aingeru Epaltzaren laguntza ere izan dut. Euskarazko liburua idatzi nuenean ere Aingeruren laguntza izan nuen.
Zertaz arduratu da?
Aingeru iruñarra da eta istorioa Iruñean dago kokatua. Istorioa Iruñean sinesgarria izatea nahi nuen eta horretarako Aingerurengana jo nuen.
Itzulpen lana gogorra izan al da?
Denbora asko eman dugu lanean: martxotik uztailera. Erabaki txiki asko hartu behar dira. Adibidez, noiz idatzi berorika eta noiz zuka. Euskaraz ez dugu berorika hitz egiten…
Non aurkeztuko duzue liburua?
Liburua Iruñeko Katrakak liburu-dendan aurkeztuko dugu, datorren astelehenean 19:00etan. Ekitaldia Aingeru Epaltzak gidatuko du eta Helena Taberna zinemagileak ere parte hartuko du. Izan ere, Tabernak liburuko gaia bere filmetan landu izan du. Apur bat urduri nago, beraiek nafarrak baitira. Liburuko istorioa Iruñean kokatu dut eta beraiek Iruñea eta testuingurua nik baino hobeto ezagutzen dituzte. Iritziak partekatuko ditugu. Ez dakit memoriaz, gerraz, Iruñeaz… hitz egingo dugun.
Aurkezpen gehiago egin behar al dituzu?
Valentziara joan behar dut. Consonni argitaletxeak beste argitaletxe batzuekin harremana du eta bete toki batzuetan ere aurkezpenak egiten ditu. Lehenengoz, liburu bat Ebro ibaitik behera aurkeztu behar dut. Bilbon ere aurkeztu behar dut.
Helena Taberna zinemagileak Iruñeko aurkezpena gidatu behar du. Ez du ba zure nobelan oinarritutako pelikula egiteko asmoa izango…
Nire ustez, pelikula baterako moduko istorioa da. Arazo bat dago: diru asko beharko litzateke. Izan ere, istorioa garai ezberdinetan gertatzen da, toki asko ageri dira, pertsonai asko ageri dira… Superprodukzio bat egin beharko litzateke, ia. Egun, produkzio gehienak txikiak dira. Gainera, zuzendari batek jendeak egun ez duela istorio tristerik nahi esan zidan. Azkenaldian fantasiazko istorioak nagusitzen ari dira literaturan eta zinean. Euskal Herrian errealismo asko egin da, eta gure errealismoa gogorra izan denez, beste istorio batzuk nagusitzen ari dira. Egia esan, nik ere ez dut istorio triste gehiago idazteko gogorik. Odolekoak-Vinculos hunkigarria da, baina karga handia du. Ez dut berriro horrela idazteko gogorik. Gainera, ez zait errepikatzea gustatzen.
Zeri buruz ari zara idazten?
Idazle baten idazketa prozesuari buruzko istorioa da. Niretzat idazketa prozesua gauza ia magikoa da. Ez da burutik sortzen, ez da ariketa analitikoa. Batzuetan gorputzetik sortzen da, buruak egiten dituen loturetatik… Hori guztia paperera eraman nahi dut. Oraingoan ere toki zail batean sartu naiz, baina beste lengoaia bat aurkitzera eraman nau. Ezagutzen ez nuen ahots bat aurkitu dut. Ez nekien ahots hori nuenik. Istorioak baino gehiago, nondik idazten ari naizen erakartzen nau: oso toki zoro batetik idazten ari naiz. Burura datorkidan guztia jasotzen ari naiz. Zurrunbilo bat da. Izan ere, idazketa prozesua halakoa da. Kaosa kontatzen ari naiz.