UGLE eskola 25. urteurrena ospatzen ari da. Ekitaldi nagusiak gaur, bihar eta etzi izango dira. Gaur eguerdian langileek eta ikasleek UGLE, 25 urte zure alde dokumentala ikusi dute Zelai Arizti aretoan. Ondoren, langileek eta langile ohiek bazkaria egin dute Antion.
Bihar eguerdian ekitaldi instituzionala egingo dute. Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak parte hartuko dute. Ondoren, Daniel Diazek UGLE Lab 4.0 laborategiaren ezaugarriak emango ditu ezagutzera.
Ostiralean, enpresak izango dira protagonistak. Mikel Sarriegi Adegiko formakuntza eta talentu arduradunak, Sebas Zurutuza aldundiko estrategia zuzendariak eta Itziar Salaberria Uggasako zuzendariak parte hartuko dute.
Argazkian gaurko bazkarian parte hartu duten langile eta langile ohiak ageri dira. Argazkia: Arri Iraeta.