Batis Maiz legazpiarra omendu dute, proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat eta lehen zuzendaria
UGLE eskola 25. urteurreneko ekitaldi nagusiak ospatzen ari da aste honetan. Gaur eguerdian ekitaldi instituzionala egin dute. Bertan, Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak parte hartu du. Berarekin batera, mankomunitateko lau udaletako ordezkariak, alderdi guztietako ordezkariak, Itziar Salaberria Uggasako zuzendari kudeatzailea eta Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendaria egon dira. UGLE sortu zen garaiko alkateek ere parte hartu dute: Anton Arbulu zumarragarrak, Pello Gonzalez urretxuarrak eta Juanra Larrañaga legazpiarrak. Gainera, Batis Maiz legazpiarra omendu dute. Maiz bultzatzaile nagusietako bat izan zen eta UGLE fundazioko lehen zuzendaria.
Arevalok UGLE bezalako eskolei esker Euskadiko lanbide heziketa Europa mailan erreferentea dela esan du. “Europar Batasunarentzat erreferentea gara eta herrialde ezberdinetako ordezkariak Euskadira ekarri behar ditu bertako eredua ezagutu dezaten. Munduko onenen artean gaude. Ezinezkoak ziruditen erronkei aurre egin diegu”.
UGLEren sorrerari buruz ere hitz egin du. “Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak gidatu zuen sorrera prozesua. Niri Pello Gonzalezekin eta Batis Maizekin lan egitea tokatu zitzaidan. Pello oso trebea zen eta Batis, berriz, bulldozerra zen. Arazo guztiei aurre egiteko gai zen”.
Etorkizunari ere hitz egin du. “Denon artean egindako lanari esker, krisi luze bati aurre egin diogu eta laugarren industri iraultzarako prest gaude. Transformazio digitalak gure bizitza aldatuko du, baina gure helburu nagusia giza garapen jasangarria izango da. UGLEk etorkizun oparoa du. Lanbide heziketako 68 ikastetxe ditugu eta UGLE garrantzitsuenetakoa da”.
Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak ere hitza hartu du, Mikel Serrano alkateak ez baitu garaiz heltzerik izan. “Bi urte zail bizi izan dugu eta UGLEk horri aurre egiten jakin du. Izan ere, betidanik egokitzeko eta gizartearen beharrei erantzuteko ahalmena izan du”, aipatu du.
Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak 25 urte hauek “biziak” izan direla aipatu du. “Baldintza kaxkarretan hasi ginen, baina Batis Maizen laguntzarekin, kudeaketa eredua ezarri genuen. Hainbat ziurtagiri lortu ditugu eta eskaintza hainbat aldiz berritu dugu besteek eskaintzen ez dutena eskaintzeko: ortoprotesika, karrozeria… Gainera, enpresekin lan egiten dugu eta 4.0 teknologia ezarri dugu. Horretarako, laborategi bat sortu dugu. Aurki, aldundiaren laguntzerkin, ortoprotesika enpresa bat sortuko dugu. Uggasa garapen agentziarekin eta mankomunitatearekin dugun harreman harreman ona ere azpimarratu nahi dut. Eta alderdiek ere proiektua babesten dute. Oso pozik nago. Kalera ateratzen garenean, jendeak eskerrak ematen dizkigu. UGLEk eskualdea egituratzen du”.
Ekitaldian UGLEri buruzko dokumentala ere eman dute. Une hunkigarriena amaieran heldu da: Batis Maiz legazpiarra omendu dute. Maiz proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen eta lehen zuzendaria. “Hor zaudeten guztien bultzada gabe, hau ez zen posible izango. Animo, zorte on eta eutsi goiari!”, esan du.
Bukatzeko, bertan bildutako guztiak UGLE Lab 4.0 laborategia ikustera joan dira. Bertako arduradunek bertan egiten den lana erakutsi diete.